Gizartea -
Istripua
Langile bat larri zauritu da Lesakan izan duen lan istripu batean
Buruan kolpe handia jazo du langileak, bere semearekin batera egur zatiak biltzen zegoenean. Bat-batean, makina apurtu egin da eta gizonak kolpe handia hartu du buruan.
Agentziak | Erredakzioa
50 urteko Narbarteko bizilagun bat larri zauritu da Lesakan izan duen istripu batean. Buruan kolpe handia jazo du langileak, bere semearekin batera egur zatiak biltzen zegoenean.
Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak 13:06ak aldera jaso du istripu horren abisua, Foruzaingoak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Arrazoi horregatik, gertakariaren lekura suhiltzaileak, Elizondoko Foruzaingoaren polizia-etxeko Foruzainak eta medikuak bidali dituzte.
Antza denez, langilea bere semearekin zegoen lanean, mendian. Bat-batean, egurra biltzeko erabiltzen ari ziren makina apurtu egin da eta gizonak kolpe handia hartu du buruan, burdinazko pieza batekin. Kolpe horrek buruko traumatismoa eta zauri handia sortu dio aurpegian.
Istripu horren ondorioz, helikoptero batek Nafarroako Ospitalera eraman du larri zauritua, pronostiko erreserbatuarekin.
Bestalde, gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko asmoz ikerketa abiatu du Iruñeko Polizia Judizialak.