Gizartea -
Plan estrategikoa
Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko plana aurkeztu du
Euskarari behar duen lekua eta garrantzia eman nahi dio eta horretarako datozen lau urtetarako plan estrategikoa finkatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernuak euskara bultzatzeko 2016-2019 plan estrategikoa aurkeztu du, gizarteko sektore guztietan euskararen ikasketa prozesua bultzatzea eta erabilera "sustatzea eta erraztea" helburu dituena.
Euskara sustatzeko plan horren berri Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendariak eman dute, ostiral honetan egin duten agerraldian.
Ollok azaldu duenez, planaren helburu nagusietako bat euskararen erabilera sustatzea da. Era berean, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzeko asmoa dute, herritarrek zerbitzu publikoak bi hizkuntzetan eraginkortasunez goza ditzaten.
Planak zazpi ardatz nagusi izango ditu: euskararen erabilera soziala harreman informaletan nahiz hedabideetan, merkataritzan eta aisialdian; euskara ikastea; zerbitzu publikoetan ezagutzea eta erabiltzea; balio positibo eta prestigioko modura kokatzea; motor ekonomiko gisa bultzatzea; erregulazio ofiziala izatea, eta Euskarabideak dituen helburuekin batzea.
Nafarroako bizilagunek ekarpenak egiteko aukera izango dute azaroaren 21era arte. Gainera, plana azaltzeko asmoz aurkezpenak egingo dituzte ondorengo udalerri hauetan: Tafallan, Iruñean, Leitzan, Zangozan, Lizarran eta Tuteran. Era berean, Lizarran sektoreko bost bilera antolatu dituzte.
Azaroaren amaieran herritarrek egindako ekarpenak bilduko dituzte eta hilabete bat geroago, abenduan, planaren hasierako bertsioa onartzea aurreikusi dute. Dena den, plan estrategikoa indarrean sartzeko Foru Gobernuak azken bertsioa onartu beharko du (seguruenik 2017. urtean).