Gizartea -
Oñatin
Gomiztegiko harrobia handitzearen kontrako protesta, Arantzazun
'Arantzazu defenda dezagun' lelopean, herritar talde batek elkartaratzea egin du harrobiaren ustiapena bikoiztearen aurka.
eitb.eus
Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) Gomiztegiko harrobiaren ustiapena bikoizteko egindako eskaera atzera bota dezan eskatu diote larunbat honetan Eusko Jaurlaritzari herritar talde batek.
'Arantzatzu defenda dezagun' lemapean, herri-plataforma ipini dute martxan. Natura 2000 sarean egoteaz gain, ustiapena Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren kokatuta dagoela argudiatu dute.
Pello Zabala taldeko bozeramaileak adierazi duenez, inguruko bioaniztasuna arriskuan jarriko luke halako proiektu batek. Horrez gain, Arantzazuko Santutegitik oso gertu dagoenez, auzotarren segurtasuna arriskuan jarriko luke. Beraz, egitasmoa salatzeko sinadura-bilketa abiatu dute, change.org web atariaren bidez.
Eusko Legebiltzarreko azken osoko bilkuran, EH Bilduk handitzearen aurka aurkeztutako mozioa gehiengoz onartu zuten; EAJko kideak, berriz, abstenitu egin ziren. Izan ere, ustiapena handitzerik nahi ez duten arren, azken urte eta erdian Eusko Jaurlaritzarekin kudeaketa zuzenik ez egin izana kritikatu zuten jeltzaleek.
Hurrengo urratsen artean, bilera irekia antolatu dute datorren asteartean herritarrak informatzeko, 19:00etan.