Gizartea -
2018a baino lehen
Bilboko eraikinen % 60 baino gehiago ikuskatu beharko dituzte
Bilboko Udalak eraikinak zaindu, konpondu eta zaharberritzeko araudia egokitu du ordenantza berri baten bidez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko eraikinen % 61,6 (7.027 higiezin) ikuskatu beharko dituzte 2018a baino lehen, horien kontserbazio egoera bermatzeko. Are gehiago, aurten, 50 urte baino gehiago dituzten 1.300 eraikinetan, Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) egin eta gainditu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute Bilboko udaletxean.
Bilboko Udalbatzak Higiezinak Zaintzeko, Konpontzeko eta Zaharberritzeko Ordenantza berria onartu du gaur, osoko bilkuran, eta araudi hori erabiliko dute aurrerantzean eraikinak ikuskatzeko eta kontrolatzeko.
Horrenbestez, higiezinen egoera onaren, mantentzearen, konpontzearen eta zaharberritzearen erantzukizuna jabeena bada ere, gaur onartutako araudiak esku-hartzeko eskumena aitortu dio Udalari, hiru atal hauek ardatz hartuta: konpontzeko aginduak, EITak eta eraikinen hondamen-aitorpenak.
Bilboko Udalak onartutako ordenantzak Eraikineko Liburua izatea ere gomendatzen die eraikinen jabeen elkarteei, haren kontserbazioa eta mantentze-lanak errazteko.