Gizartea -

Eguraldia

Domu Santuko zubia, uda giroan

Eguzkiarekin eta tenperatura epelekin esango diogu agur urriari, Euskalmetek iragarri duenez.

25 graduak gaindi daitezke Donostian. EFE
25 graduak gaindi daitezke Donostian. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztaileko eguraldia, urrian. Antizikloia paratu da Europa erdi-mendebaldean eta, presio altuek lagunduta, eguraldi egonkorra izango dugu, asteartera arte, behintzat. Azaroaren 1a jaieguna izaki (Domu Santu Eguna), zubia edukiko dute askok, eta eguraldia bederen, lagun izango dute.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, eguzkia eta tenperaturaren igoera izango dira ostiral honetako protagonistak. Hotzetik hasi dugu eguna (gradu bakarra izan dute Gasteizen; Bilbon, berriz, 10 ºC), baina gorako bidea hartu dute tenperaturek, eta termometroa 22-25 ºC ingurura arte igoko da.  Ekialdeko eta hego-ekialdeko haizea ibiliko da.

Larunbata behe-lainoarekin eta lanbroarekin abiatuko dugu. Dena dela, eguerdirako eguzkia izango da jaun eta jabe. Gainera, hego-ekialdeko eta ekialdeko haizearen eraginez, tenperaturak igotzen jarraituko du; altuenak 25 ºC ingurukoak izango dira lurralde osoan, eta 27 gradura hel daitezke barnealdean.

Igandean, aldaketarik ez. Eguzkitsu egongo da denean, haizea hego-ekialdetik joko du, eta tenperaturek 25 ºC-tan joko dute goia.

Astelehenean ere giro atsegina izango dugu. Zerua urdin-urdin egongo da, eta tenperaturek epeletik jarraituko dute. Domu Santu egunean, asteartez, hodei altu apur batzuk ager litezke zeruan, baina gainerakoan, oskarbi eta atsegin mantenduko da giroa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Donostia bideoak EAE albisteak Eguraldia argazkiak Gizartea bideoak Gasteiz albisteak