Gizartea -
Huescan
Donostiar bat hil da Sallent de Gallegon erorikoa izan ostean
72 urteko mendizaleak 30 metro baino gehiagoko erorikoa izan du Sarrako zonaldean igande goiz honetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako bizilagun bat hil da igande goiz honetan Sallent de Gallegon (Huesca) erorikoa izan ostean, Guardia Zibilak jakitera eman duenez. 72 urteko mendizalea 30 metrotik behera erori egin da Sarrako zonaldean, 09:05ak aldera Guardia Zibilak jasotako dei baten arabera.
Mendi Erreskaterako Panticosako Taldea, Huescako Guardia Zibileko Aire-Taldea eta mediku bat bertaratu dira. Ibones de Arrieleko igoeran aurkitu dute mendizalea, zonalde aldapatsu batean. Adituak eta medikua garabi baten bitartez jaitsi behar izan dituzte.
Medikuak mendizalea artatu du lekuan bertan. Gizonezkoak zauri oso larriak zituen, eta garabiren bidez Jakako Pueyora ebakuatu dute. Dena dela, anbulantziara heldu aurretik, mendizalea hil egin da.
Jakako Instrukziozko Epaitegiari abisua eman diote, eta gorputegira eraman dute hilotza, bertan autopsia egin diezaioten.