Gizartea -
Ordenantza berria
Ermuak 2,8 euroko kuota jarriko die kutxazainak dituzten bankuei
Irabazi Ermua alderdi politikoak egin du proposamena eta Udaleko Osoko Bilkurak PSE-EE eta EAJren aldeko botoekin onartu du neurri berria.
Agentziak | Erredakzioa
Ermuako Udalak kuota bat jarriko die zuzenean bide publikotik erabili ahal diren kutxazain automatiko edota finantza entitateetako zerbitzuak burutzeko erabiltzen diren bestelako aparatuak instalatzeko lizentziei. Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, kuota 2,8 eurokoa izango da metro karratuko eta eguneko.
Irabazi Ermua alderdi politikoak horrela proposatuta, Osoko Bilkurak 2017. urtean indarrean izango diren ordenantza fiskalak onartu ditu PSE-EEren eta EAJren aldeko botoekin. Se Puede Ermua Ahal Da alderdia abstenitu egin da eta gainontzekoek kontra bozkatu dute.
Halaber, ordenantza fiskalean egindako aldaketen arabera, zaborraren tasa % 5,21 igoko da 2017an, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hala erabaki baitu. Bestalde, igandetako haurren zine saioetako sarreren prezioa 2,5 euro izatetik 3 euro izatera pasatuko da.
Gainera, ordenantza berriak jasotzen duenez, hutsik dauden etxeetako jabeei Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kuota likidoaren %50eko errekargua eskatu ahalko die Udalak.
Beste alde batetik, historiko gisa katalogatuta dauden ibilgailuek kuotaren gaineko % 100eko hobaria izango dute, eta eguzki-energiaz baliatzen direnek edota hibridoek, berriz, % 10ekoa.