Gizartea -
Araba
Bi adingabek autobus bat ostu eta seinaleak bota dituzte Gasteizen
Poliziaren aurrean deklaratu ostean, bi adingabeak beren gurasoen zaintzapean gelditu dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi adingabek autobus bat ostu eta bidean harrapatu zituzten hainbat hiri-altzari eta zuhaitzen kontra jo zuten igandea goizaldean, eta Gasteizko Udaltzaingoak bi adingabeak identifikatu ditu.
Gertaerak igande goizaldean jazo ziren Gasteizko Lakuabizkarra auzoan. Lekuko batek Udaltzaingora deitu zuen autobus bat gidatzen ari ziren bi gaztek bide seinale bat jo zutela ohartaraziz, Gasteizko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez.
Udaltzainek autobusaren gidaria eta haren albokoa identifikatu zituzten, biak ere 16 urteko gizonezkoak. Adingabeek udaltzainei kontatutakoaren arabera, autobusa irekita zegoen eta giltzak jarrita zituen, ondorioz, autobusera igo eta martxan jartzea pentsatu zuten.
Gabriel Celaya eta Martin de Salinas kaleetan barrena egindako ibilbidean bide seinale bat eta bi zuhaitz bota zituzten. Poliziaren aurrean deklaratu ostean, bi adingabeak beren gurasoen zaintzapean gelditu dira.