Gizartea -

Osakidetza

Urdulizko Ospitaleak 2017an irekiko du larrialdi zerbitzua

Aurten irekitzea aurreikusita zegoen, baina medikuntza-materialak hornitzeko lehiaketan egondako atzerapenak zerbitzu horren inaugurazioa atzeratu du.

Urdulizko Ospitala. Argazkia: EiTB
Urdulizko Ospitala. Argazkia: EiTB
Urdulizko Ospitala. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitaleak 2017ko lehen hiruhilekoan jarriko du martxan larrialdi zerbitzua. Aurten irekitzea aurreikusita zegoen arren, medikuntza-materialak hornitzeko lehiaketan egondako atzerapenak izan dira atzerapen horren arrazoia.

Jon Darpon Osasun Sailburuak eta Jon Etxeberria Osakidetzako Zuzendari Nagusiak azpiegitura horri buruzko datuak eman dizkiete Uribe osasun eskualdeko alkateekin egin duten lan-bileran. Azken 32 urteetan Bizkaian inauguratutako horren neurriko zentro bakarra da.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, larrialdi zerbitzua, laborategia eta endoskopioa 2017ko lehen  hiruhilekoan ireki ostean, ondoko zerbitzuak irekiko dira: Medikuntza ospitalizazio zerbitzua, etxeko ospitalizazio zerbitzua eta kirurgia handi anbulatorioko unitatea.

Astelehen honetan, azaroak 21, bular minbizia bahetzeko unitate berria jarriko dute martxan. Unitate horrek tomosintesidun mamografo digital bat dauka, zeinaren bidez, bularraren azterketa zehatzagoa egin daitekeen. Gainera, froga osagarriak ahalbidetuko duen ekografo bat izango du. Horren ardura erradiologo batek eta bi teknikarik izango dute.

Baliabide berri horiek Areetan (Getxon) dagoen bahetzeko unitateari gehituko zaizkio, bular minbizia garaiz detektatzeko programa askoz ere eskuragarriagoa bilakatuz eskualdeko emakumeentzat. Aurreikuspenen arabera, unitate berri horrek 8.500 emakume inguru artatuko ditu datorren urtean.

Urdulizko Ospitalea inauguratu zutenetik lau hilabete igaro dira, eta, denbora honetan, 22.397 pertsona artatu ditu. Egunero 200 pertsona baino gehiago artatu direla adierazten du datu horrek.

Ospitalera bertaratuko pertsona gehienak Sopela, Berango, Urduliz, Gorliz eta Plentziatik datoz. Era berean, lehen hilabeteotan artatu diren 22.397 kontsulten % 60a kanpo kontsultei dagokie, eta % 30a, berriz, erradiologia eta erresonantzia magnetikoei.

Bestalde, kanpo kontsultetan eskaera gehien jaso duten espezialitateak ondorengoak dira: oftalmologia, traumatologia, ginekologia eta obstetrizia, otorrinolaringologia eta endokrinologia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Gaurko albisteak Bizkaia Gizartea Gaurko azken ordukoa Urduliz azken ordukoa