Gizartea -
Gabonetako opariak
Panpinak, eskulanak eta autoak, Gabonetako desiratuenak
Sasoi honetan egiten dira urte osoan egiten diren salmenten % 70.
EiTB.EUS
Espainiako jostailu-egileen elkarteak (AEFJ) aurreikusi duenez, panpinak, eskulanak egiteko jolasak, mahai-jokoak eta autoak izango dira Gabonetan salduenak. Sasoi honetan egiten dituzte alor horretako saltzaileek urte osoko salmenten % 70.
Horiez gainera, teknologiak zaleak erakartzen jarraituko du, batez ere, jolas tradizionaletan ere sartu dituztelako teknologia berriak.
Antonio Pastor AEFJ elkarteko presidentearen ustez, teknologia jolas guztietara zabaldu behar da, umeek helduak imitatu nahi dituztelako. Horrela, “teknologia gure bizitzan sartzen bada, umeek ereduak ikusiko dituzte, eta, ondoren, aplikatu nahiko dute”, azaldu du.
Amazonen esanetan, Ameriketako Estatu Batuetan interneten egiten diren jolas bilaketen % 30 biltzen dituen enpresaren arabera, aurten Espainian arrakasta izango duten jolasak telebistako eta zinemako serie batzuekin lotutakoak izango dira, eta baita robot maskotak ere.
Merkataritza elektronikoaren erraldoiak egindako aurreikuspenak betez gero, hauek dira aurten gehien eskatuko diren jolasak: Soy Lunaren patinak, Txakur Patruilaren aginte zentroa, WowWeeb robot txakurra, Star Warseko BB-8 panpina, Yokairen erlojua, Legoren Star Warseko transbordadorea, Hatchimalak (izaki interaktibo bat jaiotzeko zaindu behar diren arrautzak) eta Ladybugen irudi hegalaria.