Gizartea -
Handizkako merkataritza
Arrain freskoa beltzean merkaturatzen den ikertzeko operazioa, martxan
Arrainaren salerosketan Foru Ogasunari ezkutatzen zaion zirkuitu bat dagoela ondorioztatu da aurretik egindako beste ikuskaritza fiskal batzuetan.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Ogasunek ikerketa bat jarri dute martxan, arrain freskoa beltzean merkaturatzeko azpijokorik dagoen argitzeko. Zerga Administrazioko Espainiako Agentziarekin (AEAT) koordinatuta egin da operazioa, iruzur fiskalaren kontrako lankidetza indartuz.
Bizkaiko Foru Ogasunak Bermeoko eta Ondarroako lonjetan eskatu du dokumentazioa, Gipuzkoako Foru Ogasunak, berriz, Getaria, Hondarribia eta Pasaiako lonjetan.
Bizkaiko Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, arrain salerosketaren nondik norakoak argitzea da operazio horren helburu nagusia. Ildo horretatik, arrain freskoaren salerosketa zirkuitua arrain-lonjetan hasten dela adierazi du.
Arrazoi horregatik, ikuskaritza fiskaleko zenbait langilek (ikuskatzaileak, ikuskatzaileordeak, agente fiskalak eta Auditoria Informatikoaren Unitateko kideak) dokumentazioa eskatu diete Bermeo eta Ondarroako lonjetako arduradunei, armadoreen eta handizkako merkatarien arteko salmentetan bitartekariak baitira.
Harrapatutako espezieak, pisuak eta lonjetako salmenta-prezioak jasotzen dituzen dokumentuak bildu dituzte. Informazio horri esker ikuskaritzak egingo zaizkie armadoreei, arrainaren handizkako merkatariei eta lonjei. Gainera, emandako fakturen eta egindako salmenten artean alderik dagoen ikusiko da, Foru Ogasunari iruzur egin dioten argitzeko.
Izan ere, ikuskatzaile fiskalek aurreko urteetan eskuratu zuten informazioan beltzean egindako salmenten zantzuak aztertu zituzten.
Armadoreak handizkako merkatariari lonjaren bitartekaritzarekin egindako lehenengo salmentan hasiko litzateke zirkuitua, eta kontsumitzaileak itxiko luke. Tartean, ostalaritza komertzioak egongo lirateke, mota horretako negozioei egindako zenbait ikuskaritzatan egiaztatu denez, establezimenduotan beltzean erosten baitute arraina.
Beste alde batetik, Zerga Administrazioko Espainiako Agentziak (AEAT) arrain-lonja gehiago aztertu ditu, 21 guztira, bost autonomia erkidego hauetan: Kanaria, Katalunia, Galizia, Murtzia eta Valentzia.