Gizartea -
Nafarroa
Legez kanpoko hiru auto-lasterketa bertan behera, Iruñerrian
Zenbait gidarik salatu dutenez, autoak abiadura handian zihoazen, irrist egiten eta beste ibilgailuak modu arriskutsuan aurreratzen Mutiloan eta Noain-Ezkirotzen, besteak beste.
agentziak | erredakzioa
Foruzaingoak legez kanpoko hiru auto-lasterketetan esku hartu behar izan du asteburuan Iruñerriako zenbait industriagunetan, eta gidarietako baten autoa blokeatu du, drogatuta zegoelako.
Nafarroako Poliziak ohar baten bidez azaldu duenez, topaketak ostiral eta larunbat goizaldetan, eta igande goizean egitekoak ziren, hori dela eta, zaintza operatiboak abiarazi zituzten, arriskutsuak eta legez kanpokoak direlako.
Hala, poliziek bazekiten topaketak egitekoak zirela, baina, gainera, zenbait gidarik 112 larrialdi zerbitzura deitu zuten autoak abiadura handian, irrist egiten eta beste ibilgailuak modu arriskutsuan aurreratzen ari zirela salatzeko. Lege urraketak Mutiloako Mugartea Etorbidean eta Noain-Ezkirotzeko industriagunean antzeman zituzten.
Azken horretan, 80 bat auto elkartu ziren, Foruzaingoko Hiri Segurtasuneko eta Zirkulazio saileko lau polizia-autok kontrolatzen zuten bitartean, legez kanpoko ekintzak saihestu eta antolatzaileak identifikatzeko asmoz.
Bertaratutako agente batek igandeko topaketan parte hartu zuen gidari bat identifikatu zuen. Antza, modu arriskutsuan gidatu zuen PA30 (Iruñeko ingurabidea) errepidean, bide bazterretik beste ibilgailuak aurreratuz eta ibilgailuen artean sigi-saga eginez.
Agenteek gidaria geldiarazi eta droga kontrola egin zioten. Horrek, 31 urteko iruindarrak, emaitza positiboa eman zuen kokaina eta opiazeoetan.
Hori dela eta, autoa blokeatu egin zioten eta salaketa aurkeztu zuten bere kontra arau-hauste larria egotzita; horrek 1.000 euroko isuna eta gidabaimeneko 6 puntu galtzea ekarriko dio. Gainera, modu arriskutsuan gidatzeagatik ere salatu zuten, 500 euroko isuna eta 6 puntu galtzea proposatuta.