Gizartea -
Bilbo
Basurtuko Ospitaleak doako wifi sarea izango du barruti osoan
Ospitalearen eta Udalaren arteko lankidetza hitzarmenaren ondoren, 'Bilbo wifi' sarea jarriko dute.
EITB.EUS
Basurtuko Ospitaleak "Bilbao wifi" izeneko doako wifi sarea izango du ospitale gune osoan eta inguruan, Osakidetzak eta Bilboko Udalak sinatutako lankidetza akordioari esker.
Osakidetzak ohar bidez jakinarazi duenez, akordio berri horri esker Udalak Bilboko eraikin publikoetan eta zenbait plazatan jarrita duen "Eduroam" wifi sarea Basurtuko ospitale osora zabalduko da, unibertsitateko ikasle eta irakasle guztiak munduko sare akademikora konekta daitezen.
Bilboko Udalaren helburuetako bat hiriaren lehiakortasun eta garapen ekonomikoa bultzatzea da, informazioaren teknologien erabilera eraginkorra eta zentzuduna oinarri hartuta.
Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen kasuan, bertako erabiltzaileek eta ospitale gunearen inguruan dabiltzanek interneterako doako konexio unibertsala izan dezatela lortu nahi da, "zerbitzu publikoak eta informazioa eskuratzeko, eta tramiteak egiteko, Udalaren web orriaren bitartez".