Gizartea -
16 astez
Amatasun-prestazioa zergarik gabekotzat jo du epaitegi batek
Hala, Madrileko Justizia Auzitegi Nagusiak salaketa aurkeztu zuen amaren alde egin du eta Ogasunari aldi horretan ordaindutako PFEZa itzultzeko agindu dio.
agentziak | erredakzioa
Madrileko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, ez da zergarik ordaindu behar ume bat izan eta ondorengo 16 asteko amatasun bajan Gizarte Segurantzak emandako diru-laguntzagatik eta, hori dela eta, PFEZaren bidez kendutakoa itzultzeko agindu dio Ogasunari, Madrileko Eskualde Administrazio Auzitegi Ekonomikoak aintzat ez hartzeko hartutako erabakiari erantzunda.
Epaia aurreko uztailaren 6koa da eta atzo, astelehena, Cinco Dias egunkariak aurreratu zuen. Horren arabera, Zerga Agentziak 3.135,11 euro itzuli beharko dizkio salatzaileari, gehi pilatutako interesak, 2009ko PFEZari dagokionez; guztira, 11.679,36 euro jaso zituen emakumeak bajan egon zen bitartean. Auzitegiaren arabera, 2006ko PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren 1994ko legeen arabera, amatasunean jasotako diru-laguntzagatik ez da PFEZa ordaindu behar.
Aldiz, Madrileko Administrazio Auzitegi Ekonomikoaren iritzian (Ogasun Ministerioaren menpeko organoa da), PFEZaren legaren arabera, ez da zergarik ordaindu behar jaiotzagatik, erditzeagatik, adopzioagatik, zurztasunagatik eta "autonomia erkidegoek eta tokiko entitateek" emandako laguntzen baitan jasotako diruari dagokioez.
Hala, gaineratu duenez, salatzailearen kasu zehatzari dagokionez, amatasunagatik jasotako laguntza Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ordaindu zuen (Lan Ministerioaren parte da) eta, hori aintzat hartuta, ez da autonomia erkidegoek edo tokiko entitateek emandako laguntza, "arauak dioen moduan".
Alabaina, Madrileko Justizia Auzitegi Nagusiaren iritzian, PFEZaren legeak dio ez dela zergarik ordaindu behar (amatasun bajan jasotakoagatik), eta ez dirudi autonomia erkidegoek eta tokiko entitateek soilik emandako laguntzak daudela zerga ordaintzeko beharretik kanpo, baizik eta laguntzak, "ordaintzen dituen erakunde publikoak gorabehera", amatasunagatik baldin badira, ez da zerga ordaindu behar.
Hori dela eta, Ogasun Agentziak egindako interpretazioa "okerra da", salbuespena ezeztatzeko, horregatik, salatzailearen helegitea aintzat hartu eta Ogasunari PFEZaren bidez kendutakoa -gehi pilatutako interesak- itzultzea agindu dio.