Gizartea -
Nafarroaren Eguna
Pedro Miguel Etxenikek Nafarroako Urrezko Domina jaso du
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak eman dio garaikurra Izabako fisikariari.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Miguel Etxenike fisikari nafarrak Nafarroako 2016ko Urrezko Domina jaso du gaur eguerdian Nafarroaren Eguna ospatzeko egitarauaren ekitaldi instituzional nagusian.
Azken bi asteotan abiatutako egitaraua amaitu dute gaurko ekitaldiarekin. Besteak beste, gidatutako bisitak jauregira, jarduera instituzionalak eta musika-emanaldiak antolatu dituzte hamabost egunez.
Gaur 11:15ean hasi da ospakizuna, Nafarroako Artxibo Orokorraren kanpoaldean Nafarroako Erresumari egindako omenaldiarekin.
Oroitzapenezko monolitoa erakusteaz gain, lore-eskaintza egin dute Nafarroako Gobernuko eta Parlamentuko presidenteek. Merindadeetako herri nagusietako alkateek ere hartu dute parte: Iruñea, Tutera, Lizarra, Zangoza eta Olite.
Lore-eskaintza baino lehen, zenbait gaita-jotzailek, txistularik eta dantzarik ikuskizuna eskaini dute. 12:00etan, Uxue Barkos presidenteak Foru Erkidegoko agintariei harrera egin die Kultura saileko klaustro isabeldarrean. Halaber, Pedro Miguel Etxenike fisikari nafarrari Nafarroako Urrezko Domina eman dio, "giza balioa, eta balio zientifiko eta intelektuala" aitortzeko, baita "fisikaren alorrean egindako ikerketak eta dibulgazioa" ere.
Aurreikusitako musika-ekitaldiei dagokienez, dantza-ikuskizuna eskaini dute Barañaingo Auditorioan, Oberena dantza-taldearen 75. urteurrena dela eta.
12:30ean, "Nazioean Jaialdia" hartu du Gayarre Antzokiak, eta hamahiru herrialdetako 150 interpretek eskaini dute ikuskizun folklorikoa.
Ondoren, 13:00ak aldera, 88 kontzertu abiatu dituzte aldi berean, 88 abesbatza eta musika-bandaren esku. Nafarroako ereserkiarekin hasi dute emanaldia, eta nork bere egitarauarekin jarraitu du.
Uxue Barkosek bat egindako Nafarroa anitza eskatu du
Uxue Barkos Nafarroako presidentearen iritziz, bat egindako Nafarroa eta anitza da erronkei aurre egiteko modu onena, bai epe laburrera bai luzera.
Aldaketa-garaia dela berretsi du Barkosek, foru-erkidegoko buruzagi eta agintari politiko nagusien aurrean, Nafarroaren Egunaren ospakizunean. Horrez gain, gizarteak erronkei aurre egiteko "ardura eta heldutasuna" erakutsi duela nabarmendu du.
"Etorkizunean datorrena atzean utzitakoa baino askoz ere hobea da", esan du. Dena den, jende askok krisialdiaren "atzaparkadak" pairatzen jarraitzen duela azpimarratzeaz gain, gabeziak daudela dio "bizikidetzan eta aniztasuna onartzeko prozesuan".
"Elkarrekin hobeak gara", adierazi du, "Estatuaren aurrean bidezko Hitzarmen Ekonomikoa eta solidarioa defendatzeko, eta baita elkartasunean eta kohesio sozialean oinarritutako bizikidetzaren euskarrien alde egiteko ere".