Gizartea -
jazarpena interneten
Adingabe bat atxilotu dute Altsasun, ziberjazarpena egotzita
Sare sozial baten bitartez lagun bat eta haren aita iraintzea eta gutxiestea leporatzen diote.
Agentziak | Erredakzioa
Foruzaingoko Delitu Informatikoen Taldeko agenteek 16 urteko neska bat atxilotu dute berriki Altsasun (Nafarroa), ASK.FM sare sozialaren bidez lagun bati etengabeko tratu txar psikologikoak egiteagatik.
Biktimaren aitak jarri zuen salaketa. Bertan, bere alabaren gainean egindako irainak eta gutxiespenak kontatzen ziren, zeina laguntza psikologikoa jaso behar izatera heldu zen. Foruzaingoaren arabera, tratu umiliagarri horren egileak ikastetxeko bi lagun lirateke, eta sare sozial baten bitartez egingo lukete.
Agenteek ziberjazarpena egiteko erabiltzen zen kontua nork sortu zuen ikertzeari ekin zioten. Xede horrekin, Irlandan egoitza duen sare sozialari bertako profila sortzeko erabili zen helbide elektronikoa identifikatzeko eskatu zioten agindu judizial batekin. Modu horretan, konexioaren jatorria eta erabiltzailea nor zen jakin ahal izan zuten.
Atxilotuak biktimaren oso antzekoa zen profila sortu zuen ASK.FM sarean, bere argazki bat eta antzeko erabiltzaile-izena erabilita. Sare sozial horren ezaugarrietako bat da galderak egiteko eta erantzuteko orduan anonimatua dagoela, eta horiek modu iraingarrian eta mespretxuzkoan egiten zituen.
Delitu Informatikoen Taldeko agenteek egiaztatu ahal izan zutenez, adingabeak irakasle baten helbide elektronikoa erabili zuen alta-prozesua egiteko. Horrenbestez, sekretuak ezagutaraztea eta egoera zibilaren usurpazioa ere leporatzen dizkiote.
Behin aske utzita, Adingabeen Fiskaltzari jakinarazi zizkioten gertatutakoak polizia-argiketaren bidez.