Gizartea -
Gomendioak
Jostailuak erosterako orduan kontuan hartu beharreko aholkuak
Gomendatutako adina begiratzea eta dendek eskainitako beherapenei arretaz so egitea dira, besteak beste, erosketa arrakastatsuak egiteko gakoak.
EITB.EUS | AGENTZIAK
Datozen egunetan Eguberri-eguneraino jostailu egokienen bila arituko dira buru-belarri guraso guztiak. Hori dela eta, dendek eskainitako beherapenen aurrean, adi ibiltzea gomendatzen dute adituk.
Izan ere, Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak egindako ikerketa baten arabera, 30 euroko aldea egon daiteke leku batean ala bestean erositako jostailu berearen artean. Iruñeko eta Eskualdeko hainbat dendetako 100 jostailu baino gehiago aztertu ditu elkarte horrek, eta denden arteko prezioaren aldea % 51ra iritsi da zenbait kasutan.
Horren ondorioz, hainbat gomendio eskaini ditu elkarte horrek, Gabonetarako jostailu-erosketak arrakastatsuak izan daitezen:
-Gomendatutako adina begiratzea, jostailu hori haurrarentzako egokia den bermatzeko.
-Jostailu-katalogoak dakarren eskaintzen datari ongi erreparatzea.
-Komenigarria da dendara joatea jostailua bertatik bertara ikusi eta aztertzeko.
-Erosketa finantzatu aurretik, kontsumitzaileak ondo baino hobeto irakurri behar ditu baldintzak.
-Beherapenen letra txikiari so egin, batzutan ondorengo erosketetan aplikatzen diren beherapenak baitira. Zenbaitetan, doako opariren bat eskain dezakete.