Gizartea -
Jaurlaritzaren saria
Errefuxiatuekin lanean diren 3 erakundek jasoko dute Rene Cassin Saria
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak, Zaporeak proiektuak eta Sain Egidio komunitateak astelehen honetan jasoko dute golardoa.
Agentziak | Erredakzioa
Errefuxiatuei laguntzen diharduten hiru erakundek jasoko dute gaur 2016ko Rene Cassin Saria: Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak, Zaporeak proiektuak eta Sain Egidio komunitateak.
Golardoa Iñigo Urkullu lehendakariak emango die Gasteizen egingo den ekitaldi batean. Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen, eta horren harira banatuko dute saria.
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko euskal erakundea 2015ean sortu zen, Egeo itsasoan (Grezia) pairatzen ari ziren krisi humanitarioari aurre egiteko asmoz. Gerraren edo jazarpenaren ondorioz ihes egiten duten pertsonen biziak salbatzen aritzen dira itsasoan.
Zaporeak proiektua Intxaurrondotik Wukrora Elkarteak abian jarritako jarduera gastronomiko-solidarioa da. Errefuxiatuei egunero janaria emateaz arduratzen dira, Greziako Kios uhartean lan egiten duten beste talde batzuekin batera.
Saint Egidio komunitateak hamarkadak daramatza erlijioen arteko elkarrizketa bultzatzen, herri ezberdinen arteko adiskidetasuna sustatzen, pobreziaren kontra lanean eta heriotza-zigorra desagerrarazteko borrokan.
Errefuxiatuen krisiaren aurrean, ‘pasabide humanitarioak’ eraiki dituzte eta Italiako agintarien eta gizarte zibilaren artean bitartekari lanak egin dituzte, ihesean ari diren pertsonek beren bidean aurrera egiteko aukera bermatuta izan dezaten, itsasoan hiltzeko arriskua saihestuta.