Gizartea -
Abenduak 24
Olentzero Buruhandien konpartsarekin batera iritsiko da Donostiara
18:30ean hasiko da kalejira, Boulevardean, eta Gipuzkoako hiriburuko erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Olentzero eta Mari Domingi larunbat honetan, abenduak 24, iritsiko dira Donostiara. 18:30etik aurrera Gipuzkoako hiriburuko kale nagusiak zeharkatuko dituzte, Erraldoi eta Buruhandien konpartsarekin batera, ume guztiak agurtzeko.
Donostia Kulturak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Olentzero eta Mari Domingi Koro Ama Birjiniaren balkoira aterako dira arratsaldeko 16:00etan. Bertan, Eskola eta Gero Axular dantza taldeek agurtuko dituzte. Erraldoi eta Buruhandien konpartsarekin batera Udaletxeraino zuzenduko dira.
Jarraian, Alderdi Ederren bildutako ume guztiak agurtuko dituzte. 16:30etik 18:00etara, Olentzero eta Mari Domingi Udalbatza aretoan egongo dira hurbiltzen diren haur guztiei harrera egiteko eta gutunak jasotzeko.
Ordu erdi beranduago, 18:30ean, hiriko erdiguneko kaleak zeharkatuko dituen kalejira hasiko da. Ibilbidea ondorengoa izango da: Boulevardetik irten eta Hernani, Loiola, San Martzial, Getaria, Askatasunaren hiribidea, Txurruka, Gipuzkoa plaza, Elkano kalea eta Alderdi Eder (Udaletxearen aurrean).