Gizartea -

Balantze positiboa

Goirizelaiak EHUrako inbertsio gehiago eskatu ditu, bere agurrean

Hezkuntza eta ikerketa “lehentasunetako bat edo lehentasun nagusia” izan behar direla adierazi du errektoreak.

Iñaki Goirizelaiak bere bi agintaldien balantze positiboa egin du

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektoreak adierazi du hezkuntzak eta ikerketak finantzaketa esparru egonkor bat behar dutela epe ertain eta luzera. Ildo horretatik, Europako erreferentziazko eskualdeen mailetara hurbiltzeko ahalegina egitea eskatu du.

Urtarrilean errektoretza utziko du Goirizelaiak eta ostiral honetan azken agerraldia egin du kazetariekin. Hala, gaur bete dituen bi agintaldien balantze positiboa egin du EHUko errektoreak. Era berean, 2011-2014ko eta 2015-2018ko Unibertsitate Planaren inguruan aurreikusitako helburu nagusiak gogora ekarri ditu.

Goirizelaiaren arabera, munduko testuinguru batean, “gurea bezalako herri batek kalitatez baino ezin du leihatu” (industria kalitatea, gizarte kalitatea, kultura kalitatea, hezkuntza kalitatea eta politika kalitatea). Ildo horretatik, “Euskal Herrian kalitatea bermatzen duten lehengai bakarrak hezkuntza eta ikerketa” direla ziurtatu du. Horregatik, hezkuntzak eta ikerketak “gure gobernuaren eta legebiltzarraren lehentasunetako bat edo lehentasun nagusia” izan behar dutela esan du.

Era berean, Euskal Herriko Unibertsitateak “ahalik eta irakasle-ikertzaile onenak kontratatzea” izan behar duela helburu azaldu du. Halaber, “ikertzaileak prestatu, ikertzaileak erakarri eta, batez ere, bertan direnak zaindu” behar direla gaineratu du.

Agintaldiaren balantzea

Goirizelaiak jakinarazi duenez, EHUko gradu eta graduondoko titulazioetako ikasle kopurua bere horretan mantendu da azken urteotan, 45.000 inguruan. Udako ikasleei dagokienez, 11.000 inguru direla ziurtatu du, eta 5.500 irakasle-ikertzaile inguru daudela azaldu du. Beste alde batetik, unibertsitateko administrazioan 1.900 pertsona lan egiten dutela esan du. Hala, ikasturte honetako aurrekontua 405 milioi eurokoa dela nabarmendu du, eta, guztira, 68 gradu eta 111 graduondo eskaintzen dituztela azpimarratu du (batzuk ingelesez).

Bigarren agintaldiari dagokionez, azken lau urteetan krisiari eta murrizketei aurre egin behar izan dietela gogoratu du Goirizelaiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU berriak EAE albisteak Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza sistemako albisteak