Gizartea -

Desobedientzia ekintza

Immigrazio ilegalari mesede egitea leporatu diete Zuluaga eta Huarteri

Bi ekintzaile euskal herritarrak ostiralean igaroko dira epailearen aurretik. Ehunka lagunek atxilotuak aske uzteko eskatu dute eta gobernuei hausnarketarako deia egin diete.

Errefuxiatuen egoera salatzea zen ekintzaren helburua
Errefuxiatuen egoera salatzea zen ekintzaren helburua
Mikel Zuluagak eta Begoña Huartek bihar deklaratuko dute

2:03

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igoumenitsako (Greziako ipar-mendebaldea) Fiskaltzak karguak aurkeztu ditu Mikel Zuluaga eta Begoña Huarteren aurka, asteazken honetan Grezian atxilotutako bi ekintzaile euskal herritarren aurka. Igoumenitsako portuan atxilotu zituzten, autokarabana batean zortzi pertsona errefuxiatu garraiatzen ari zirela. Desobedientzia zibileko ekintza honen helburua pertsona horiekin Euskal Herrira heltzea zen, beraien egoera salatzeko.

Bizkaiko 'Ongi Etorri Errefuxiatuak' Plataformaren arabera, Ministerio fiskalak azkenean errefuxiatuak integratzeko zuhurtziagabetasun larria eta inmigrazio ilegalari mesede egitea leporatuko die; nahiz eta "larriak" izan, pertsonen trafikoa baino zigor leunagoak dakartza. Fiskaltzak baztertu egin du azken aukera hori, ekintzan ez delako “irabazi-asmorik” sumatzen.

Iturri horren esanetan, Mikel Zuluagaren eta Begoña Huarteren deklarazioak ostiral arte atzeratu dituzte, inputatuen defentsak hala eskatu duelako. Bien ordezkariak egun batzuk eskatu ditu espedientea aztertzeko, orain arte ez baitu sartzerik izan. Beraz, epaileak bihar erabakiko du atxilotuak bermepean aske utzi ala behin-behinean kartzelara bidali.

Zuluaga, Huarte eta beraiekin zihoazen beste zortzi pertsonak atzo, abenduak 28, atzeman zituzten goizaldean, kontrol arrunt batean, Italiara eramango zituen itsasontzi batean sartzear zeudela.

Bi ekintzaileen aldeko elkarretaratzeak

‘Ongi Etorri Errefuxiatuak' plataformak deituta, bi ekintzaileei babesa adierazteko elkarretaratzeak egin dituzte gaur Zeanurin eta Iruñean, Zuluagaren eta Huarteren jaioterrietan.

Iruñeko Udaletxeko plazan egindako elkarretaratzean 300 bat lagun elkartu dira, ‘Elkartasuna ez da delitua. Nik ere hala egingo nuke’ lelopean.

Bilkuran parte hartu duten herritarrek Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte aske uztea eskatu dute eta  ‘Migratzaileak eta errefuxiatuak ongietorri’, ‘Europar Batasuna hiltzailea’ edo ‘Mikel eta Bego askatu’ bezalako kartelak erakutsi dituzte.

“Mikel eta Bego eskuzabalak dira, bere inguruarekin konprometituak eta gizarte justu eta berdin baten alde lan egiten dutenak”, adierazi dute elkarretaratzea amaitu aurretik irakurritako agirian.

“Lege eta politika injustuen aurrean desobedientzia zilegi dela ulertzen dugu”, azpimarratu dute. Migrazio politika eta Europar Batasunak mugak ixteko erabakia gogor kritikatu dute, Giza Eskubideen kontrako neurriak direla iritzita.

Hortaz, bi atxilotuak kargurik gabe aske uzteko exijitu dute eta gobernuei hausnarketa egin dezatela eskatu diete, Giza Eskubideen Gutunean bildutako oinarrizko eskubideekin talka egiten duten legeak desobeditzeko gonbita eginez.

Bestalde, Ana Unanue Begoña Huarteren laguna da eta bi ekintzaileak “indartsu” daudela esan du, “egiten ari zirena beharrezkoa zela konbentzituta zeudelako”.

Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan ere elkarretaratzeak izango dira ostiral honetan. Bilboko eta Gasteizko bilkurak 18:00etan deitu dituzte; Donostiakoa 19:00etan izango da.

Estatuko hainbat hiritan ere egingo dituzten mobilizazioak, hala nola, Madrilen, Logroñon, Valentzian, Malagan eta Valladoliden.

Zuluaga eta Huarteren mezua

Atxilotuek bideo bat grabatu dute Poliziak atzeman aurretik, eta herritarrek "desobeditzeko, pertsona errefuxiatuak ekartzeko eta Euskal Herria abegi onez hartzen duen lurralde bihurtzeko" eskubidea dutela esan dute bertan, gobernuek "beldurra legeztatzen eta kupo mirrinak ez betetzen" jarraitzen duten bitartean.

Euskaraz eta gaztelaniaz grabatutako bideoan, beren gain hartzen dituzte ekimenaren ondorioak, ez baitiote "historiako beste sarraski handi batzuen antzeko basakeria honi" lagunduko.

"Giza eskubideei men egiten diegu, eta Europako gobernuei desobeditzen diegu, milaka pertsonarentzat heriotza, atxiloketa eta deshumanizazio gune bihurtu baitituzte mugak", azpimarratu dute.

Biak "oso ondo" daude, eta argi utzi nahi dute ez direla heroiak, "ezpada lege bidegabeok desobeditzeko deia egiten duen pertsona talde oso zabal bateko kideak", azaldu zuten atxilotutakoei babesa emateko Bilbon atzo egin zuten prentsaurrekoan Carlos Askunze eta Nati Ovelleiro bozeramaileek.

Hamaika gizarte talde, sindikatu eta alderi politikotako ordezkariek, Zuluagaren eta Huarteren adiskide eta senideek eta beste herritar batzuek egindako agerraldiaren ostean, kontzentrazio bat egin zuten Bilboko Zazpikaleetan.

Arartekoak eskutitza bidali dio Greziako Herritarren Defendatzaileari

Manu Lezertua arartekoak eskutitza bidali dio Greziako Herritarren Defendatzaileari atzo Igoumenitsan atxilotutako bi ekintzaile euskal herritarren eskubideen defentsan aritzea eskatzeko. Lezertuak gutun horretan azaldu dioenez, bi euskal herritarrek egindakoa desobedientzia zibileko ekintza bat izan da.

Eusko Jaurlaritzak atzo ohar baten bidez adierazi zuenez, Grezian atxilotutako bi ekintzaileen amorrua ulertzen du, baina ez dago ados salaketa egiteko moduarekin.

Grezian atxilotutako Begoña Huarte nafarrari eta Mikel Zuluaga bizkaitarrari babesa adierazteko eskatu dio Nafarroako Ahal Duguk Foru Parlamentuari. Aldi berean, errefuxiatuen egoera salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea