Gizartea -
Inkesta
Kontsumitzaileen erdiak ozta-ozta heltzen dira hil bukaerara
Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroak egindako inkesta bati erantzun diotenen % 33,2ren ustez, Espainiako Estatuko ekonomia egungoa baino hobea izango da hemendik sei hilera.
Agentziak | Erredakzioa
Ia kontsumitzaileen erdiak, % 45,4, doi-doi heltzen dira hil bukaerara eskura dituzten diru sarrerekin, eta % 32,1ek “diru gutxi” aurrezten dute hilero, Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroak 2016ko abenduan eginiko inkesta batek dioenez.
Hain zuzen ere, % 12,1ek aurrezkiak baliatu behar izan dituztela adierazi dute, eta % 3,1ek soilik esan dute hilero “diru nahikoa” aurrezten dutela.
Oro har, inkestari erantzun diotenen % 33,2ren ustez, egungo egoera ekonomikoa duela sei hilekoa baino txarragoa da, % 37,5ek ez dute aldaketarik nabaritu eta % 28,2ren aburuz hobetu egin da.
% 40,3, ekonomia hobetuko den ustean
Hurrengo sei hilabeteei begira, Espainiako Estatuko bizilagunen % 40,3k egoera ekonomikoa hobea izango dela uste dute, % 29,1ek okertu egingo dela esan dute; % 28,2k ez dute aldaketarik espero.
Enpleguaren bilakaerari buruz zer uste duten galdetuta, % 30,2k egoerak txarrera egingo duela erantzun dute, eta % 40,5ek hobetu egingo dela iritzi diote.