Gizartea -
Amara auzoan
Donostian pistola faltsu batez lapurreta egin, eta damutu egin da
Gizonezko bat denda batera itzuli da, lehenago bertan arma faltsu batez lapurreta egin ondoren, eta egindakoa aitortu die ordurako bertan zeuden ertzainei.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 57 urteko gizonezko bat atxilotu du Donostian, Amara auzoko saltoki batean pistola faltsu bat erabiliz lapurreta egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Lapurreta egin eta gero dendara itzuli da, damututa.
Atzo, arratsaldeko lau eta erdiak aldera, gizon bat denda batera sartu zen, eta ehun bat euro kostatzen den artikulu bat eskatu zion bakarrik zegoen saltzaileari. Jarraian, arma batez emakumezkoa mehatxatu eta lapurtu egin zuen.
Gizonak alde egin zuen, baina gero itzuli zen eta gertatutako guztia kontatu zien bertaratuta zeuden ertzainei.
Poliziek ustezko lapurra miatu, eta atxilotu zuten, larderia erabiliz lapurreta egitea leporatuta.
Gaur jarriko dute Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku.