Gizartea -
Koordainketa sendagaietan
Pentsiodunen koordainketa ‘eguneratzeko’ proposamena egin dute
Pentsio altua duten jubilatuek sendagaiengatik diru gehiago ordaintzea proposatu du Espainiako Osasun Ministroak.
Agentziak | Erredakzioa
Pentsio altuak dituztenek medikamentuak erostean gehiago ordaintzeko proposatu du astelehen honetan Dolors Montserrat Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun ministroak. Tartean, 18.000 eta 100.000 euro bitarteko pentsioak jasotzen dituzten jubilatuak egongo lirateke.
Epe luzeko langabeen kasuan, berriz, Dolors Montserrat ministroak azaldu du ez dietela medikamentuetako gastua handitu nahi, eta orain arte ordaindutakoa besterik ez luketela ordaindu behar izango.
Pentsiodunei dagokienez, gaur egun 18.000 euro jasotzen dituzten jubilatuek zortzi euro ordaintzen dituzte (gehienez hilabetean) botikak erosteagatik.
Alabaina, medikamentuak erosteko orduan gehiago ordaindu beharko luketenek 18.000 eta 100.000 euro bitarteko pentsioak jasotzen dituzten jubilatuak dira.
“Gehiago dutenek gehiago ordaindu” beharko luketela ziurtatu du Dolors Montserrat Osasun ministroak, eta bigarren “tarte” hori berraztertu behar dela esan du. Dena den, ez du xehetasun gehiagorik eman nahi izan, eta ez du zehaztu diru gutxiago jasotzen dutenek zenbat ordaindu beharko luketen.
Koordainketa Euskadin
Momentuz, Eusko Jaurlaritzak ez du argitu igoera baieztatuko balitz zein izango litzatekeen hartuko lukeen neurria: Izan ere, Euskadi da ordainketa partekaturako laguntzak ematen dituen erkidego bakarra.
Arrazoi horregatik, urtean zazpi milioi euro bideratzen dira horretara eta azken lau urteotan 285.000 eskariri eman zaio baiezkoa.