Gizartea -
Murtzia
Nerabe baten suizidioa ikerketapean, bullyingarekin lotura duelakoan
Hezkuntza Kontseilaritzaren hitzetan, eskola-jazarpenaren protokoloa jarri zuten martxan, eta, ikerketa egin ostean, neurriak hartu zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Polizia 13 urteko nerabe baten suizidioa ikertzen ari da eskola-jazarpenarekin lotura duelakoan. Nonbait, eskolan hasi zitzaizkion bullyinga egiten, eta institutuan ere jazarri zuten, haren itxuraren kontrako irainak botata.
Adingabea terapian zegoen. Familiak ez zuen salaketa jarri Espainiako Poliziaren aurrean, baina eskolako zein institutuko arduradunak jakinaren gainean zeuden. Hezkuntza Kontseilaritzak protokoloa jarri zuen martxan.
Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, nerabeak bere buruaz beste egin eta gero, ama galdekatu zuten, eta adingabeak ustez jasandako jazarpenaren berri eman zien. Hori dela eta, ikerketa abiatu zuen.
Murtziako Hezkuntza eta Unibertsitate Kontseilaritzak nerabearen heriotza deitoratu du, eta ikerketan laguntzeko prest azaldu da.
Bertatik nabarmendu dutenez, horrelakoen aurrean egin beharrekoak jasotzen dituen protokoloa jarri zuten martxan, eta, ikerketa egin ondoren, hartu beharreko erabakiak hartu ziren "familiarekin lankidetzan". "Ikastetxez aldatzea eskatu zuten, eta hala egin genuen", azaldu dute. Kontseilaritzaren arabera, irakasle eta ikasleak "gazteari laguntzen ari ziren, betiere familiak aipatutako beharrizanen arabera".