Gizartea -
Sexu abusuak
Munillak zabalik du 'agenda' abusuzko balizko kasu berriei erantzuteko
Baieztatu duenez, Gipuzkoako elizbarrutiak sexu abusuzko aurrekari penalen ziurtagiria eskatuko dio berarekin lan egiten duen orori.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak barkamena eskatu die berriro, gaur, elizbarrutiaren izenean, Juan Kruz Mendizabal Gipuzkoako bikario ohiak sexu abusuak egin zizkien adingabeei eta haien senitartekoei. Gainera, baieztatu duenez, "agenda" zabalik dauka "ager daitezkeen balizko kasu berriei lehentasunez erantzuteko".
Igande arratsaldean Artzain Onaren katedralean zuzendu duen eukaristian emandako sermoian adierazi duenez, "kasu horien larritasuna bereziki handia da, ez bakarrik egintza beragatik, baizik eta adinekoarengan jarritako konfiantza aprobetxatuta egiten direlako, kasu honetan, apaiz batengan (Mendizabali erreferentzia eginez), eta horrek areagotu egiten du larritasun maila".
Elizaren epaitegiak bi adingabekori 2001. eta 2002. urteetan "ukitu desegokiak" egiteagatik zigortu du Mendizabal apaiza. Gainera, joan den urtarrilaren 12an, beste biktima batek 1994an jasotako abusuak salatu zituen.
Munillak ostegun honetan egindako agerraldian esandakoak berretsi ditu, eta "barkamena" eskatu die berriro Elizaren barruan "sexu abusuak jasan dituzten adingabeei eta haien senitartekoei".
Nabarmendu duenaren arabera, adingabeen aurka egindako abusu kasu guztien aurrean "justizia eta zuzentasuna" bermatuta egon daitezen jardungo du, eta berriz eskatu du Gipuzkoako elizbarrutiaren barruan zein beste esparruren batean "adingabeen aurka egin ahal izan diren edozein motatako sexu abusuak" plazara daitezela. Horren harira, azpimarratu du bere "agenda" zabalik daukala "ager daitezkeen balizko kasu berriei lehentasunez erantzuteko".
Adingabeen babesa
Horrez gain, Gipuzkoako elizbarrutian, adingabeen babesari dagokionez, legedi zibila ezarriko dela azaldu du; horrenbestez, Munillak aurreratu duenez, "bertan lan egiten duten pertsona orok sexu abusuzko delituetatik libre dagoela adierazten duen ziurtagiria izan beharko du". Dena dela, argitu duenaren arabera, legedi horren ezarpena "martxan zegoen krisialdia hasi aurretik".