Gizartea -
Heriotza Zuerako espetxean
Zaragozan hildako preso bilbotar baten kasua argitzeko eskatu dute
Presoa urrian hil zen. Familiak ez daki hilotza non dagoen eta "bermedun autopsia oso bat" egitea eskatu du, heriotzaren arrazoiak argitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Preso bilbotar bat hil zen 2016ko urrian Zuerako espetxean (Zaragoza), 18 urte isolamenduan egon ostean. Familiak epaitegietara jo du, "bermedun autopsia osoa" eskatzeko.
Gizonezkoak 39 urte zituen eta 18 urte zeramatzan preso. Urriaren 14an hil zen, "arrazoi naturalak tarteko", hasierako autopsiaren arabera.
"Heriotzaren arrazoia naturala dela diote, baina, egoera horretan biziz gero, normalena hiltzea da", azpimarratu du haren bikotekide Silvia Encinak.
Salhaketa elkarteak eta Pablo Gimenez abokatuak agerraldia egin dute kasuari buruzko xehetasunak emateko eta haiekin batera izan da hildako presoaren bikotekidea.
Encinak azaldu duenez, droga-menpekotasunak eragindako hainbat deliturengatik egon zen preso, "eta, jarrera okerra zuenez, hasieratik isolamenduan izan zuten; bere buruko desorekaren erantzule egiten zuten".
Ziegan 22 orduz itxita izan zuten, gainerako presoekin harremanik izateko aukerarik gabe, egunero, 18 urtez jarraian.
Hil baino egun bat lehenago, urriaren 13an, neska-lagunak bisita egin zion eta arduratuta atera zen kartzelatik, fisikoki okerrera egin zuelako: "20 kilo galdu zituen, sinkopeak pairatzen zituen eta gaizki zegoela esan zidan".
Familiaren ustez, kartzelan ez zuten ondo artatu eta ez zioten behar zuen osasun-laguntza eman. Hori dela eta, epaitegietara jo dute.
Hilotza non dagoen ez dakite
Horrez gain, presoaren hilotza "non eta zein egoeratan" dagoen ez dakitela salatu dute. "Uko egin genion gorpua hobiratzeari edo errausteari, bermedun autopsia oso bat egitea nahi dugulako".
Encinak erantsi du hasiera batean egindako autopsiak "gabezia nabarmenak" zituela. "Ez dugu beste munduko ezer eskatzen, gutxiengo batzuk beteko dituen autopsia bat baino ez dugu nahi", adierazi du.
Alabaina, Fiskaltzak bigarren autopsia egiteko aukera baztertu zuen. Presoaren senideen abokatuak jarritako errekurtsoen zain daude orain.
Encinaren esanetan, familia urte askotan aritu da bere bikotekideak espetxean pairatzen zituen bizi-baldintzak salatzen, inoren laguntzarik gabe, "eta orain berriro ari gara borrokan haren heriotza argitu eta hobiratu ahal izateko".