Gizartea -

Gasteiz

Iman bat ikertzen ari dira, adingabeei sexu abusuak egin dizkielakoan

Bi adingaberengandik urruntzeko agindua ezarri dio Gasteizko epaile batek hiriko meskita bateko imanari. Fiskaltza kasu gehiago egon daitezkeen ikertzen ari da.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Fiskaltza Gasteizko meskita bateko iman bat ikertzen ari da bi adingaberi sexu abusuak egin zizkielakoan. Antza denez, imanaren ikasleak dira. Korana irakasten zien.

Lehen erasoa duela urtebete inguru izan ei zen, baina salaketarik izan ez zenez, ez zen ikerketarik abiatu. Udaberrian ustezko erasotzailea adingabeetako bati kalean ukituak egiten saiatu zen, eta emakumeak laguntza eskatu zion udaltzain bati.

Eraso horren ondotik, ikerketa abiatu zuten, eta orduan jakin zuten beste biktima bat ere bazela, hau ere adingabea eta imanaren ikaslea. Korana irakasten zien. Bi adingabeen gurasoek ez zuten salaketarik jarri, baina meskitaz aldatu zituzten.

Gasteizko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak bi adingabeengandik urruntzeko agindua ezarri zion udan imanari, eta oraindik indarrean dago neurri hori, El Correo egunkariak zabaldutako informazioaren arabera.

Bestalde, Fiskaltza kasu gehiago egon daitezkeen ikertzen ari da Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin elkarlanean.

Clara Campoamor elkartea herri akusazio gisa aurkeztuko da

Clara Campoamor elkartea herri akusazio gisa aurkeztuko da Gasteizko meskita bateko imanaren aurka irekitako auzian. Fiskalak ikerketaren berri eman eta gero iragarri du erabakia elkarteak, ohar bidez.

Jose Miguel Fernandez Clara Campoamor erakundeak Euskadin duen ordezkariak sexu abusuen eta sexu erasoen inguruko hausnarketa egiteko deia egin du. Halaber, legedia aldatzea eta delitu horiei izaera publikoa ematea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Gasteiz Eguneko albisteak