Gizartea -
Sexu abusuak
Mendizabalen kontrako lehen salaketa aurkeztu dute epaitegian
Donostiako bikario zenaren kontra sexu abusuengatik epaitegietan aurkeztutako lehendabiziko salaketa da.
EITB.EUS
Juan Kruz Mendizabal "Kakux" Donostiako bikario zenaren kontrako lehen salaketa aurkeztu dute Donostiako epaitegietan, sexu abusuengatik, Gipuzkoako Fiskaltzak baieztatu duenez.
Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan, Mendizabalek sexu abusuak egin zizkiola kontatu zuen pertsonak jarri du salaketa. Gizonak Berria egunkariari emandako lekukotzaren arabera, Donostiako bikario ohiak sexu gehiegikeriak egin zizkion 1994ko udan Burgin eskaut taldeen kanpaleku batean.
Donostiako bikario zenaren kontra sexu abusuengatik epaitegietan aurkeztutako lehenengo salaketa da. Hala ere, Elizak beste bi kasu izan zirela baieztatu du.
Elizak Juan Kruz Mendizabal apaiza zigortu zuen bi adingaberi 2001 eta 2005 urteen artean sexu abusuak egitegatik, Donostiako Apezpikutzak jakinarazi duenez. 2016ko martxoan erasoak salatzea erabaki zuten bi gazteek eta salaketa bana aurkeztu zuten, Eliza barruko bideak erabilita, Donostiako Gotzainaren aurrean.
Elizbarrutiak auzia bide zibiletik salatzeko gomendioa egin bazien ere, gazteek aukera hori baztertu egin zuten.
Kontuak kontu, Gipuzkoako Apezpikutzak bi sexu abusu kasu horien txostena prest dauka, epaitegiak eskatzen dionerako.