Gizartea -
Sutea Andoainen
Pertsona baten bila ari dira, Andoaingo sutearekin lotura duelakoan
Sutea nahita piztutakoa izan dela uste dute agintariek. Ezbeharrean 55 urteko gizonezko bat hil da.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintza pertsona baten bila ari da, Andoainen izan den sutearekin zerikusirik duen ala ez argitzeko. Ezbeharrean gizonezko bat hil da eta hiru lagun zauritu dira, horietako bat larri.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintza gertakaria ikertzen ari da eta oraindik ez dakite nola piztu den. Alabaina, goizean, Ane Carrere alkateak esan du nahita piztutakoa izan denaren hipotesiarekin lanean ari direla.
Ezbeharra goizaldeko 05:20 inguruan jazo da, hutsik dagoen bi solairuko fabrika batean, Ama Kandida etorbidean. Etxerik gabeko zenbait lagunek bertan egiten zuten lo.
Suaren ondorioz, 55 urteko gizonezko bat hil egin da eta 47 urteko beste bat egoera larrian eraman dute Gurutzetako Ospitalera.
Beste bi lagun Donostiako Ospitalera eraman dituzte, kea arnasteagatik zaurituta. Baina eguerdian senda-agiria eman diete biei.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du “gertakari larria” izan dela eta sua itzaltzeko 24 suhiltzaile eta 15 ibilgailu behar izan direla.