Gizartea -

XXVIII. edizioa

'Mundu hobeago baten' aldeko lana saritu du Sabino Arana Fundazioak

Pedro Luis Uriarte, Orbea bizikleta ekoizlea, Egibide ikastetxea, Matxalen Ziarsolo eskubaloi jokalaria, Tolosako CIT ekinbide etxea eta Gernika koadroa saritu dituzte.

2016ko Sabino Arana sariak banatu dituzte

1:52

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sabino Arana Fundazioak 2016ko bere sariak banatu ditu gaur Bilboko Arriaga Antzokian egin duen galan. Sari horiek "mundu hobeago bat" egitearen alde lan egiten duten pertsonak eta erakundeak saritzen dituzte.

Aurtengoa sarien 28. ekitaldia izan da, eta honako hauek izan dira bertan saritu dituztenak: Pedro Luis Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburu ohia eta Kontzertu Ekonomikoaren sustatzaile nagusienetakoa izan zena; Orbea bizikleta ekoizlea; Egibide 'Fundación Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioa' ikastetxea, Matxalen Ziarsolo eskubaloi jokalaria; CIT, Tolosako Ekinbide Etxea eta gerraren krudeltasuna adierazten duen Gernika koadroa.

Saridunak

Sari-banaketaren aurretik egin duten prentsaurrekoan, Pedro Luis Uriartek Kontzertu Ekonomikoaren garrantzia defendatu du, "gure sustraien parte baita".

Sailburu ohia, gaur egun "Kontzertuaren Komunitatea – Gurea Kontzertua" ekimenaren sortzailea da, eta ekimen horren xedea da euskal gizartea Estatuarekin 1981ean adostu zen politika fiskalari buruzko tresna horren defentsan jarduteko beharraz jabe dadila. Bere esanetan, euskal erakundeak oso bakarti daude Kontzertuaren defentsa, eta horregatik da beharrezkoa euskal gizartea bere defentsan eta hedapenean inplika dadila".

Uriartek onartu duenez, "zalantza handiak" ditu gaur egun dagoen egoerarekin 1981ean adostutako akordioaren parekorik lor litekeenik egun; izan ere, bere esanetan, "Espainiako gizartean Kontzertu Ekonomikoaren gaineko estereotipo bat hazten utzi da, zeinaren arabera pribilegio bat eta paradisu fiskal bat den", eta bata zein bestea "tontakeria hutsak" direla baieztatu du.

Gernika

Sabino Arana Fundazioak Gernika koadroaren "unibertso sinbolikoa" saritu du, "iraganean izugarrikeriaren sinboloa izan zena, eta egun bakearen sinboloa dena". Modu horretan, 1937ko udaberrian euskal udalerri asko bonbardatuak izan zirela gogora ekarri dute "biztanleria zibilaren artean beldurra zabaltzeko".

Bonbardaketak antzezlan baten bitarte irudikatu ostean, saria Gernika, Otxandio eta Durangoko bonbardeketatik bizirik atera ziren hiru emakumek jaso dute saria (Maria Angeles Ortiz de Zarate, Andone Bidaguren eta Pilar Bilbao), eta horiekin batera hiru gazte igo dira, "etorkizunaren ordezkari gisa" (Pello Iriondo, Garoa Basterretxea eta Mikel Lasuen).

Horrenbestez, Sabino Arana Fundazioak nabarmendu nahi izan du Picassok margotutako Gernika gaur egun "bakearen aldeko borrokaren sinboloa" dela, "gerren tragediaz, errefuxiatuen drama humanitarioaz eta txirotasunaz ilundutako mundu batean".

CIT

CIT, Tolosako Ekinbide Etxeak ere saria jaso du, "gure kulturaren enbaxadorea izateagatik, eta Gipuzkoako udalerria munduko kultura aniztasunaren topagune bihurtzegatik".

Saria hartu ostean, Julian Lacunza bertako presidenteak "sendotuta" dituzten jarduerak garatzen jarraituko dutela adierazi du, eta CITeko egituretara belaunaldi berriak sartzearen aldeko azaldu da, "egitura horiei eutsi eta aberats daitezen".

Orbea

Bere aldetik, Jon Fernández Orbeako zuzendari nagusiak historian zehar enpresaren parte izan diren"milaka pertsonen izenean" eskertu du saria. Onartu duenaren arabera, Donald Trump AEBko presidente bihurtzearekin batera sortu den egoera protekzionistaren aurrean Orbea "ez da okerren kokatuta dagoen enpresetako bat".

AEBko merkatuak Orbearen fakturazioaren hirugarren postua betetzen duen arren, prest daudela aurreratu du, herrialde hartan filial bat baitute, eta produktuak bertan ekoizteko moduan egongo lirateke hala behar izanez gero.

Egibide

Egibide ikastetxea ere saritu dute, "Araban hezkuntza-instituzio gisa" egindako ibilbideagatik, Lanbide Heziketa sektorean liderra izateagatik, eta "herrialdearen garapen ekonomiko zein sozialari egindako ekarpenagatik".

Juan Carlos Elizalde Fundación Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioko presidenteak eta Jose Ignacio Eguizabal Egibideko zuzendari nagusiak jaso dute garaikurra.

Matxalen Ziarsolo

Azkenik, Matxalen Ziarsolo Bera-Bera eskubaloi-taldeko jokalari izandakoak azpimarratu du kirolak "jende zoragarria" ezagutzeko aukera eman diola, baita "ahalegina, konpromisoa eta ilusioa" helarazi dioten lagunak egiteko parada ere.

"Sabino Arana"ren arrastoa

Bestalde, Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidenteak ekitaldian esan duenez, "ez dago Sabino Aranak herrialde honen historian utzitako arrastoa ezabatuko duen moziorik". Horrez gain, azpimarratu du "historiako gizon handienak arrastoa erein eta uzten dutenak direla, eta haien testuinguru historikoan ulertu, interpretatu eta epaitu behar direla".

Hala, Bilboko PPk orain dela hainbat aste aurkeztutako mozioari egin dio aipamena Atutxak. Mozio hartan, Sabino Arana EAJ alderdiaren sortzailearen izena duten kaleak beste modu batera deitzeko eskatu zioten Bilboko Udaletxeari. Gauza bera eskatu zuten Dolores Ibarruri ‘La Pasionaria’ agintari komunistaren eta Tomas Zumalakarregi general karlistaren izena duten kaleen kasuan. Aurkeztu zuen egun berean bertan behera utzi zuten eskaria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Bilbo Gernika-Lumo argazkiak Gizartea albisteak Durango argazkiak Albisteak