Gizartea -
Campos Eliseos, Bilbo
Abraham Mateok Bilbon emango zuen kontzertuaren dirua, itzuli barik
Salatu dutenez, Lakshi Music sarreren salerosketa kudeatzen duen enpresak ez die deiei ez mezu elektronikoei erantzuten. Kontzertua abenduaren 23an utzi zuten bertan behera.
I.G. | EITB.EUS
Abraham Mateok Bilboko Campos Eliseos Antzokian kontzertua emango zuela iragarri zuen, sarrerak Lakshmi Music artista horren ekitaldiak kudeatzen dituen enpresak saldu zituen, baina, ezustean, kontzertua bertan behera geratu zen, enpresak jarraitzaileei kontzertuaren egunean (2016ko abenduaren 23a) jakinarazi zienez.
Une horretan hasi zen Arkaitz Fernandezen sufrikarioa, bere semearekin eta bikotekidearekin joateko asmoz erositako sarreren zenbatekoa itzul ziezaioten. Guztira, lau sarrera erosi zituen berak eta bere bikotekideak, 190 euroren truke, Lakshmi Music enpresaren kudeaketa gastuak barne, eitb.eus-i azaldu dionaren arabera.
Egun horretan, enpresak mezu bat bidali zion Arkaitzi kontzertua bertan behera geratu zela esanez. Gainera, mezu horretan ere, hurrengo egunetan kontzertuaren data berriak iragarriko zituztela adierazten zuen enpresak baina, nahi izanez gero, sarreren dirua bueltan ematea eskatzeko aukera ere bazuela esan zion.
Hala egin zuen, baina ez zuen erantzunik jaso. Deitu egin zuen enpresaren telefono zenbakira, baina inoiz ez dute telefonoa hartu, ez makina batek, ezta operatzaile batek ere, inor ez.
Lakshmi Musicen harresiarekin aurrez talka egin ondoren, egunero bidaltzen die mezu elektroniko bat, gutxienez. Halako batean, bidalitako mezu bati erantzunda, enpresak urtarrilaren 23tik aurrera data berriak iragarriko dituztela esan zion, eta dirua bueltatzen hasiko dietela hala adierazi dutenei, baina ezer ez.
Gauza bera esan zioten bere bikotekideari (lau sarreretatik bi erosi zituen berak). Hori bai, berak zorte handiagoa izan zuen, kontzertua bertan behera utzi eta gutxira erantzun baitzioten, behin bakarrik, esanez urtarrilaren 1etik aurrera data berriak iragarri eta dirua itzultzen hasiko zirela.
Gaur gaurkoz (otsailaren 2a), Arkaitzek erantzunik eta dirurik jaso barik jarraitzen du, Facebooken ezagutu dituen pertsonek bezala, bere egoera berean. Izan ere, aztertzen ari dira bat egin eta salaketa bateratua aurkeztea, sarrerak kudeatzen dituen enpresaren aurka.
Erredakzio honetatik hainbatetan dei egin diogu enpresari, baina ez dugu inolako erantzunik jaso telefonoaren bestaldean.
Enpresak Facebooken bidez dioen bezala, Lakshmi Music "ikuskizunetan, ikus-entzunezko ekoizpenetan, kontzertuetan eta ekitaldietan espezializatutako enpresa da". "Esperientzia Hego Amerikan, Mexikon, Costa Rican, Portugalen, Espainian, Holandan eta Belgikan kontzertuetan ematen". Besteak beste, MC Clan eta Despistaos taldeen kontzertuak ere kudeatzen ditu.