Gizartea -
Alerta laranja haizeagatik
Arretaz ibiltzeko deia eta kirol jarduerak debekatuta, haizea dela eta
Haize denboralea dela eta, alerta laranja ezarri dute. Urduñan 188 km/h-ko ufada gogorrak izan dira.
Agentziak | Erredakzioa
Haize denboralea dela eta, agintariek arretaz ibiltzeko deia luzatu diete herritarrei eta hainbat neurri hartu dituzte, besteak beste, larunbat honetako eskolako kirol jarduerak bertan behera uztea.
Donostiako Udalak erabaki du igande gauera arte Paseo Berria ibilgailuentzako itxita mantentzea; Haizearen Orria eta Leizaola pasealekua, ostera, berriro ireki ditu.
Arabako Foru Aldundiak mendian egitekoak ziren eskola jarduerak bertan behera uzteko agindua eman du. Horrez gain, larunbateko komikien trukerako azoka eta biñeta erraldoiak egiteko tailerrak atzeratzea erabaki dute, Gasteizen.
Ildo berean, zuhaitz artean ibilaldirik ez egiteko eta ahal dela ibilgailua ez hartzeko gomendioa egin du Aldundiak.
Bizkaiko Diputazioak, berriz, asteburu honetan itsasoan egitekoak ziren eskola jarduera guztiak utzi ditu bertan behera. Galarazitako jarduerak hauek dira: arrantza, piraguismoa, arrauna, surfa, triatloia, bela eta hondartzako boleibola.
Gainerako kirol-jardueratan arreta handik aritzeko deia egin du Aldundiak.
188 km/h-ko haize ufadak
Haizea dela eta, alerta laranja ezarri dute ostiral honetan. Hego ukituko haizeak zakar jotzen du jada, eta horren lekuko, hainbat lekutan neurtu dituzten boladak. Bortitzena, 188 km/h-koa, Urduñan (Bizkaia) erregistratu dute.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak duen estazio sortan bildutako datuak jakinarazi ditu goizean. Hala, Txarlazo mendian atzemandako maximo horrez gain, Belauntzan (Gipuzkoa) 133 km/h-ko ufadak neurtu dituzte, eta Saratxon (Araba), 112koak. Leku babestuagoetan ere, gogor jo du haizeak. Iurretan (Bizkaia), 101 km/h-ko abiaduran ibili da haizea, eta 89an, Gasteizen.
Haize gogorragatik, bi abisu hori daude indarrean ostiral honetan. Horietako bat haizeguneei dagokie, 21:00ak arte izango da indarrean, eta 100 km/h-ko boladak espero dituzte; batez ere, mendebaldeko mendietan. Bigarrenak, berriz, haizeguneak ez diren tokiei eragiten die, 21:00etatik 24:00etara egongo da indarrean, eta 80 km/h-ko ufadak izatea aurreikusi dute.
Era berean, 21:00etatik gauerdira arte, alerta laranja izango da indarrean. Izan ere, haizeguneetan, batez ere mendebaldeko mendietan, 120 km/h-ko boladak espero ditu Euskalmetek.
Haizea dela eta ezarriko den alerta laranja larunbat goizaldeko hirurak arte egongo da indarrean. 120 kilometro orduko boladak espero dira haizeguneetan, eta 100 kilometro ordukoak, haizeguneetan. Hortik aurrera, haizeak indarra galduko du. Hala ere, haizeari dagokion abisu horia goizaldeko seiak arte egongo da indarrean toki babestuetan, eta egun osoan zehar, haizeguneetan.