Gizartea -

Trafikoa

Arabako eta Pirinioetako hainbat mendate itxita, elurragatik

Euskameten arabera, aroak hobera egingo du, baina Gipuzkoan eta Iparraldean euria egiten jarraituko du. Astearte eta asteazkenean, abisu horia izango da, elurragatik.

Erreniegako gaina (Nafarroa), artxiboko argazki batean. EFE
Erreniega (Nafarroa). EFE
Erreniegako gaina (Nafarroa), artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuan eta azken orduetan egindako elurra dela eta, Arabako bigarren mailako eta Nafarroako Pirinioetako mendate batzuk itxi behar izan dituzte.

Araban, kamioiek eta ibilgailu artikulatuek itxita dute Herrerako mendatea, eta autoek kateak behar dituzte, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez. Gainerako errepideetan ez dago arazorik, baina Opakuan kontuz ibiltzeko gomendatu dute.

Nafarroan, kontuz gidatzeko aholkua eman du Foruzaingoak, Pirinioetan 10 zentimetroko lodierak pilatu daitezkeelako.

Belaguan (Izaba), NA-137 errepidea itxita dago Juan Pito bentatik, 47. kilometrotik,  aurrera. NA-2012 (Otsagabia - Irati) eta NA-2011 (Zaraitzu - Frantzia) errepideak ere, itxita daude; 8. kilometrotik aurrera, lehenengoa, eta 6. kilometrotik aurrera, bigarrena.

Iragarpena

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, asteburuan bete-betean eragin digun depresiogunea indarra galtzen joango da. Goiza, dena den, euritsua izango da. Arratsaldean, atertzera egingo du, eta hodei-geruza zulatuta ikusiko dugu tarteka, ipar-ekialdean izan ezik; Gipuzkoan, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa iparraldean litekeena da gauera arte ez atertzea. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, baina indar handirik gabe. Tenperatura maximoak 15-16 ºC ingurukoak izango dira kostaldean, eta 11-13 ºC ingurukoak, barnealdean.

Asteartean, euria barra-barra egingo du, eta tenperatura jaitsi egingo da. Goizaldean, hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta orduan neurtuko ditugu eguneko tenperatura maximoak. Alabaina, haizea ipar-mendebaldera aldatuko da segituan lurralde osoan, eta euritara joko du. Egunez, erruz egingo du. Egunaren bigarren partean, gainera, zaparradak botako ditu, eta baliteke tarteka trumoiak jotzea eta txingorra egitea. Elur-kota bizkor jaitsiko da, eta baliteke gauean 600-800 metrora elur-malutak ikustea.

Asteazkenean, zaparradak botako ditu, eta tenperatura gehiago jaitsiko da. Eguraldi makurra izango dugu, ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du, eta zaparradak etengabe sartuko dira itsasaldetik; horrez gain, txingorra ere egin dezake. Goizaldean eta goizeko lehen orduetan, elurra egin dezake 600-700 metrora, baina elur-maila igo egingo da, egunak aurrera egin ahala. Tenperatura maximoak 10 ºC ingurukoak izango dira kostaldean, eta 5 ºC ingurukoak, barnealdean. Gauean, aroak hobera egingo du.

Abisu horia

Bestalde, bihar eta etzi elurra izatea aurreikusi dutenez, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du, astearteko 18:00etatik aurrera, asteazkeneko 12:00ak arte.

Hala, 1.000 metrora 5-15 cm-ko elur geruza izatea espero dute, 0-1 cm 600 metrora eta 0 200 metrora.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Arabako berriak Eguraldia argazkiak Gizartea Elurra bideoak Eguneko albisteak