Gizartea -
Durangon
Gizon bat atxilotu dute Durangon, lapurreta saiakera egotzita
Atxilotuak 25 urte ditu, eta datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera, indarkeriaz egindako lapurreta delitua egotzita.
O.A. | EITB.EUS
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen atzo Durangon, kutxazain automatiko batean dirua sartzera zihoan pertsona bati eraso egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Erasoa 21:15ean gertatu zen, Durangoko finantza erakunde bateko kutxazain automatiko batean. Biktima kutxazain automatikoan dirua sartzera zihoala, aurpegia estalita zuen gizonezko bat barrura sartu zen eta mehatxu egin zion bihurkin batekin.
Erasotzaileari aurre egin, bihurkina kendu eta bertan atxikitzea lortu zuen. Inguruan zebilen bikotek batek dei egin zion Ertzaintzari eta ertzainak erasoaren tokira bertaratu ziren.
Ertzaintzak 25 urteko erasotzailea atxilotu zuen, indarkeriaz egindako lapurreta delitua leporatuta. Atxilotuak aurrekariak ditu. Gaua ertzain-etxean pasatu ostean, datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.