Gizartea -
Eguraldia
Donostian hustutako eraikineko bizilagunak laster itzuliko dira
Donostiako Udalak azaldu duenez, lanean ari dira etxetik atera behar izan zuten bizilagunak lehenbailehen buelta daitezen.
Agentziak | Erredakzioa
Joan den ostegunean Donostiako Uxotegi eraikinetik atera behar izan zuten bizilagunek hiruzpalau egunetan itzuli ahal izango dute etxera, Martin Ibabe Gipuzkoako hiriburuko Segurtasun zinegotziak aditzera eman duenez.
Kaltetutako zortzi familiak joan den ostegunean atera zituzten Muelle pasealekuko eraikinetik, 21:30ean. Orduz gero hoteletan edo familiartekoen etxeetan daude.
Ibabe zinegotziaren esanetan, Udala lanean ari da kaltetuak lehenbailehen etxera itzul daitezen, "eraikinaren segurtasuna bermatuta, beti ere".
Horretarako, bi garabi berezi erabili behar izan dituztela argitu du Ibabek, Madriletik eta Asturiasetik ekarritakoak. Izan ere, "oso lan zehatzak" direla nabarmendu du.
Udaletxeak Uxotegi eraikineko bizilagunak ateratzea erabaki zuen, denboralearen ondorioz. Antza denez, "behera erortzeko arriskua zegoen eta beheko eraikinen segurtasunari ere eragiten zuen".