Gizartea -
nafarroa
Debekatutako armak soinean zituen gizon bat atzeman dute Barañainen
Landaben industrialdearen inguruan aurkitu zuten, atzo, herritar batek abisua eman eta gero. Hiritarren Segurtasunerako Legea urratzea egotzi diote.
agentziak | erredakzioa
36 urteko gizonezko baten kontrako salaketa jarri du Foruzaingoak, debekatutako hiru arma soinean zituela kalean atzeman ondoren, Barañainen.
Atzo arratsaldean atxilotu zuten. Herritar batek eman zion abisua Foruzaingoari; antza, poliziaren ibilgailu bat ikusita, gizon bat ezkutatu egin zela ikusi zuen abisua eman zuen herritarrak, eta horrek susmoak piztu zituen.
Landaben industrialdearen inguruan aurkitu zuten susmagarria. Foruzainek jakinarazi dutenez, bizikletan zihoan, beltzez jantzita, eta motxila eta maleta beltz bat zituen soinean.
Debekatutako hiru arma zeramatzan; 'Shuriken' izenez ezagutzen den izar itxurako jaurtitzeko arma bat, altzairuzkoa eta zazpi punta zorrotzekoa, metalezko ukabil amerikarra, eta irekiera automatikodun labana bat.
Armak atzeman zizkion Foru Poliziak, eta Hiritarren Segurtasunerako Legea urratzea egotzita, haren kontrako salaketa jarri zuten epaitegian.