Gizartea -
Lapurreta Goya Sarietan
Karguekin aske utzi dute Goya Sarietako bitxien lapurra
Galako langile batek lapurtu zituen bitxiak eta handik egun batzuetara bere burua Poliziaren esku utzi zuen, baliorik ez zutela pentsatuz, oroigarri moduan eraman zituela esanda.
Agentziak | Erredakzioa
Poliziak karguekin aske utzi du Goya Sarietan 30.000 euro inguruko balioa duten bitxiak lapurtu zituen gizonezkoa.
Lapurra galan lan egin zuen argi-teknikari bat da. Atzo bere kabuz joan zen Espainiako Poliziak Madrilen duen komisaria batera, bitxiak bueltatuz eta berak lapurtu zituela esanez.
EFE albiste-agentziak ikerketaren iturriak aipatuta zabaldu duenez, 50 urteko gizonezkoak ez du aurrekari polizialik, ezta penalik ere. Ostegunean, 20:00ak aldera, joan zen Poliziarengana eta lau mahuka-biki pare, eraztun bat eta Suarez markako belarritakoak itzuli zituen.
Poliziaren aurrean esan duenez, baliorik ez zutela pentsatuz, oroigarri gisa eraman zituen aipatu bitxiak.
Epaiketaren zain geratu da. Lapurtutakoaren balioa 400 eurotik gorakoa denez, sei eta 18 hilabeteko arteko zigorra ezar diezaiokete.