Gizartea -

Istripua

Bi gazte hil dira Laredon, autoa itsasora erorita

Autoan zihoan beste gazte batek irtetea lortu du, eta ospitalera eraman dute, hipotermiarekin.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi gazte hil dira Laredon, autoa kirol-portuan itsasora erori eta gero. Kotxean zihoan beste pertsona batek ateratzea lortu du bere kabuz, eta ospitalera eraman dute hipotermiaz. Biktimek 17 eta 20 urte artean dituzte eta guztiak Laredokoak dira.

Larrialdi-zerbitzuek jakinarazi dutenez, istripua gertatu denean marea baxua zegoen. Lehenik eta behin, autoa lau bat metro behera erori da, itsas mailaraino, eta ondoren, sei metro murgildu da itsasoan. Iraulita gelditu da, sabaiarekin hondoa jota.

Ezbeharra nola gertatu den ikertzen ari diren arren, badirudi mutiletako bati autoa gidatzen utzi ziotela, nahiz eta gidabaimenik ez izan. Une jakin batean, kontrola galdu eta itsasora erori dira.

Guardia Zibilak eman die abisua Kantabriako Gobernuko larrialdi zerbitzuei, 01:20 baino hainbat minutu lehenago. Istripuaren tokira iritsi direnean, guardia zibil batek uretara jauzi egin du, baina ezin izan du autoan sartu, itsasoa oso hotz zegoelako.

Bestalde, saiakera berbera egin dute hiru suhiltzailek neoprenoa jantzita, baina horiek ere ezin izan dute ezer egin, kotxea oso sakonean hondoratuta zegoelako. Azkenean, Gurutze Gorriko urpekariek lortu dute ibilgailuraino iristea, oxigeno-botilak hartuta.

Autoa uretatik atera dute, urpekarien laguntzaz eta garabi handi batekin. 112 zerbitzuko langileek biktimen gorpuak atera dituzte kotxetik, eta sendagileek hilda zeudela baieztatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko istripuak Bizkaian Gizartea Albisteak