Gizartea -
Nafarroa
80.200 euro aurkitu dituzte Zubietan, ibilgailu batean ezkutatuta
Nafarroako Foruzaingoak polizia kontrol batean atzeman du dirua. Ibilgailuaren atzeko eserlekuetan ezkutatuta zegoen dirua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Foruzaingoak 80.200 euro aurkitu ditu Zubietan, ibilgailu batean ezkutatuta, polizia kontrol batean.
Foruzaingoak gaur ohar bidez jakinarazi duenez, agenteak NA-170 errepidean prebentziozko kontrola egiten ari zirenean, gama altuko ibilgailu bat geldiarazi zuten. Auto barruan Getafen erroldatutako hiru gizon zihoazen.
Gizonezkoak urduri zeudela ikusita, foruzainek hirurak identifikatu, miatu eta horien ondasunak berrikusi zituzten, eta, ondoren, ibilgailua miatzeari ekin zioten.
Hain zuzen ere, ibilgailua miatzen ari zirela, 32 billete-sorta aurkitu zituzten atzeko eserlekuetan ezkutatuta. Guztira, 80.200 euro zeramatzaten, 50 eta 10 euroko billeteetan.
Ibilgailuko bidaiarien esanetan, lokal bat salerosita lortu zuten diru hori, baina ez zuten salerosketa horri zegokion zerga ordaindu.
Hiru gizonezkoak identifikatu, horien helbideak baieztatu eta horien aurkako agindu judizialik ez zegoela baieztatutakoan, hiru gizonezkoek beren bideari ekin zioten berriro. Izan ere, Espainiako legearen arabera, eskudirutan 100.000 euroraino eraman daitezke Estatuan. Dena den, Foruzaingoak Ogasuna ohartarazi du.