Gizartea -

Europar zuzentaraua

2018rako galarazi nahi ditu plastikozko poltsak Espainiako Gobernuak

Gainera, egun ordaintzen diren poltsak garestitu nahi ditu, horrela, 5 eta 30 zentimo arteko prezioa izango dute.

5 eta 30 zentimo bitartean ordaindu beharko dira plastikozko poltsak

1:06

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak 2018ko urtarrilaren 1era aurreratu nahi du merkataritza lokaletan poltsak doan banatzeko debekua. Gainera, gaur egun denda batzuetan ordaintzen diren poltsak garestitu nahi ditu.

Hala jaso du aipatutako Ministerioak, prestatzen ari den Errege Dekretuan, plastikozko poltsa arinen kontsumoa mugatzen duen europar zuzentaraua dela eta.

Agiria Isabel Garcia Tejerinak gidatzen duen Ministerioaren webgunean irakur daiteke, aurreko abenduaren 23tik, hain zuzen, dekretuaren garapen prozesuan parte hartzeko epea zabaldu zuenean. Epea urtarrilaren 23an bukatu zen.

Zuzentarau europarraren arabera, EBeko kide diren Estatuek ondoren zehaztutako neurriren bat, gutxienez, aplikatu beharko dute:

a) Pertsona bakoitzak gehienez 90 poltsa arin kontsumitzea urtean, 2019eko abenduaren 31erako; eta 40 poltsa, 2025eko abenduaren 31erako. Edonola ere, helburua pisuan ere lor daiteke.

b) Beharrezko baliabideak bideratu, gehienez 2018ko abenduaren 31erako, plastikozko doako poltsarik eman ez dezaten, bestelako neurri eraginkorrik eman ezean.

Horrez gain, Errege Dekretuaren proiektuak dio 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera galarazita egongo dela kontsumitzaileei plastikozko poltsak ematea, produktu eta ondasun saltokietan.

Era berean, merkataritza lokaletan poltsak kobratu beharko dituzte, eta salneurria 5 eta 30 zentimo artekoa izango da.

Edonola ere, salbuespen izango dira eta, hortaz, poltsak eman ahal izango dituzte, higiene arrazoiengatik edo ontziratu gabe saltzen diren elikagaien kasuan poltsak ematen dituztenek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua albisteak Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa