Gizartea -
Immigrazioaren drama
400 pertsona baino gehiago sartu dira Ceutara Tarajaleko mugatik
Antza denez, 800-900 bat pertsonak egin dute sartzeko saiakera, baina Marokoko Poliziak erdiei galarazi die muga zeharkatzea.
agentziak | erredakzioa
400 pertsona baino gehiago sartu dira Ceutako Hiri Autonomoan gaur, ostirala, Tarajaleko hesia gaindituta, Poliziak jakinarazi duenez. Gurutze Gorriak, bere aldetik, pertsona asko sartu direla ikusita, talde berezia mugiarazi du etorkin horiei berehalako erantzuna emateko, Ceutako 112 Larrialdietako Zerbitzuaren esanetan.
Europa Pressek kontsultatu dituen iturrien arabera, 800-900 bat pertsonak egin dute sartzeko saiakera, baina Marokoko Poliziak erdiei galarazi die muga zeharkatzea. Edonola ere, 400 etorkin baino gehiago sartu omen dira Ceutan.
Migratzaileek abenduaren 9an sartu zirenean erabili zuten 'modus operandi' bera erabili omen dute gaurkoan, hesiaren ateak indarrez irekita.
112 zerbitzuak ez du zaurituen datu zehatzik eman, baina herritarren deiak jaso ditu, behar duten laguntza bidal diezaien.
Ceutako Etorkinentzako Aldi Baterako Egoitza gainezka dago gaur egun. 620 pertsona daude, eta 512 lagunentzako lekua du. Etorkinek, batez beste, 140 egun ematen dituzte bertan.