Gizartea -
EiTB
Administrazio Kontseiluak EiTBren 2017ko aurrekontua onartu du
134,2 milioi euroko aurrekontua izango du EiTBk. Bestalde, ETB1 eta ETB2 HDn emango dira martxoaren lehenengo astetik aurrera.
EiTB
Administrazio Kontseiluak 2017rako EiTBren aurrekontua, 134,2 milioi euro, onartu du, astelehen honetan (otsailak 20) egin duen bileraren ondoren jakinarazi denez. Aurrekontuak aldeko hamabi boto, kontrako bi eta lau abstentzio izan ditu. Onartu ondoren, aurrekontuaren asmoa Eusko Jaurlaritzari bidaliko zaio Legebiltzarrean bideratu dezan.
Aurrekontua, iazkoarekin alderatuta %1,3 igo da, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak Administrazio Kontseiluko bileran adierazi duenez.
Nabarmendu behar da ustiapen aurrekontuak 1,8 milioi euro gehiago izango dituela, sarrera propioak barne, aurtengoarekin alderatuta %1,3 igo delarik. Bost urtez jarraian aurrekontua murriztu ondoren, handitu egin da..
Aurreko urteetan bezala, austeritate eta gastuak zorrotz kontrolatzeko irizpideei eutsiko zaie. Sarreren igoera (%1,3) bi modutara erabiliko da: batetik, pertsonal esparruan, Eusko Jaurlaritzak zehaztutako soldata irizpideetara egokitzeko; bestetik, telebista, irrati eta interneteko edukietara zuzenduko da.
Aurreproiektuan, 60,1 milioi euro pertsonalaren gastura zuzentzea iragarri da, 2016an baino milioi bat euro (%1,7) gehiago.
Halaber, 14,1 milioi euroko sarrera propioak aurreikusi dira 2017rako, iaz baino %2 gehiago. Azkenik, 120,1ko diru-laguntza jasoko du EiTBk, 2016an 118,5 milioi izan zituen bitartean, hau da, %1,4 gehiago. Ibilgetuko inbertsioen aurrekontua aurten 2,1milioikoa izango da iaz milioi batekoa izan zen bitartean.
ETB1 HD eta ETB2 HD laster
Bestalde, EiTBko zuzendari nagusiak jakitera eman die kontseilariei, behin betikoaz, ETB1 eta ETB2 HDn emango direla martxoaren lehenengo astetik aurrera. Zinea, kirola eta barne produkzioko hainbat saio bereizmen handian ikusi ahal izango dira.
Datozen egunetan informazio-kanpaina jarriko da abian EiTBn ikus-entzuleek telebista kanalak berriro sintonizatu, eta, bide batez ETB1 HD eta ETB2 HD urrutiko agintearen lehen posizioetan jar ditzaten, eskueran izateko .
Hartara, telebista aparailuek egun eskaintzen duten gehieneko kalitate teknikoaren pare jarriko da ETB. Administrazio Kontseiluak atseginez hartu du HDko emanaldien behin-behineko aldia etetzearen albistea, behin-betikoaz bereizmen handian emateko.
Bestalde, astelehenen honetako Administrazio Kontseiluan izendapen baten
berri eman da: aurrerantzean, Ane Miren Lizarralde, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri'ren editore izan dena, albistegietako zuzendariorde izango da Maite Zurikarai albistegietako zuzendari izango dena ordezkatuz. Hain zuzen ere, joan zen hileko administrazio kontseiluan eman zen jakitera Zurikarairen izendapena.