Gizartea -

Epaiketa

Bilbon gizon bat hil zuen emakumeak hilketa ez zuela prestatu esan du

2015eko uztailean jazo zen gertaera, Bilboko Abusu auzoan. Fiskaltzak hamabost urteko kartzela-zigor eskaera egin du akusatuarentzat.

Epaiketa Bizkaiko Lurralde Auzitegian izan da. Argazkia: EFE
Epaiketa Bizkaiko Lurralde Auzitegian izan da. Argazkia: EFE
Epaiketa Bizkaiko Lurralde Auzitegian izan da. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015eko uztailean Bilbon labankadaz gizon bat hil zuen emakumeak gertatutakoa onartu du ostiral honetan, Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epailearen aurrean.  Ildo horretatik, hilketa ez zuela aurrez prestatu eta homizidioa izan zela ziurtatu dio epaileari.

Biktimaren etxean jazo zen gertaera, Bilboko Abusu auzoan. Akusatuak aitortu duenez, gizona labankadaz hil zuen, baina egun horretan gertatutakoaren inguruan ez duela ezer gehiago gogoratzen azpimarratu du.

Antza denez, 59 urteko gizonezkoa (bi seme eta izatezko bikotearekin) ohean etzanda zegoen, biluzik. Etxean bakarrik zeudela, emakumeak 31 labankada eman zizkion gorputzean. Esnatzean, bere burua babesten ahalegindu zen, baina ezin izan zion erasotzaileari aurre egin.

Arrazoi horregatik, Fiskaltzak homizidio delitua leporatzen dio akusatuari, eta nagusitasun larrigarria kontuan hartzea eskatu dio epaileari. Gauzak horrela, hamabost urteko kartzela-zigor eskaera egin du akusatuarentzat.

Halaber, gizonaren seme bakoitzari 36.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du, eta beste horrenbeste haren izatezko bikotekidea zenari.

Akusatuaren defentsak, Fiskaltzak leporatzen dion delitua eta larrigarria onartu egin du, baina kartzela-zigorra hamabi urte eta erdikoa izatea eskatu dio  epaileari. Beste alde batetik, biktimaren senideei Fiskaltzak proposatutako kalte-ordainak ematea onartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Gaurko albisteak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak bideoak Gizartea bideoak Albisteak Krimenak azken ordukoa