Gizartea -
Errefuxiatuak
Asiloa eskatzeko prozesuaren berri eman diete bi familia kurduei
Durangoko Udalarena den etxebizitza batean daude bizitzen, eta bertan 'behar adina denbora' geratu ahal izango dira. CEAR elkarteko kideen azalpenak jaso dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordeak (CEAR) Euskadin duen ordezkaritzak bere gain hartu du joan zen ostegunean Elorrion, kamioi baten barruan bidaiatzen ari zirela, aurkitu zituzten bi familia kurduei (tartean lau adingabe) aholku emateko ardura.
CEAR-Euskadiko kideak ari dira aipatu familia horiei azaltzen zein egoeratan dauden eta zertan datzan asiloa eskatzeko prozedura, "erabaki informatua hartu ahal izan dezaten".
CEAR elkartearen arabera, familiok Espainiako Estatuan asiloa eskatu ala ez, "oso litekeena da nazioarteko babesa behar izatea" jatorriz Irakeko Kurdistangoak izanik.
CEARen esanetan, zazpi kurdu horien egoera "ez da kasu bakana", egunero heltzen baitira "bai Europara, bai Espainiako Estatura, bai Euskadira, hainbat jazarpen-motatatik ihesi doazen errefuxiatuak".
"Bide arriskutsua ibili behar izaten dute, Europako Batasunaren eta hango estatu kideen muga-politiken ondorioz".
CEARek zabaldutako datuen arabera, joan zen urtean, 7.583 pertsona hil edo galdu ziren mundu osoko migrazio-bideetan, horien artetik 5.085 Mediterraneoan hil ziren, "ibilbiderik hilgarrienean".
Horrenbestez, errealitate horren aurrean, CEARek "legezko bide seguruak" jar daitezela eskatzen du, "inor ez dadin hil edo galdu indarkeriatik eta premia gorritik aske biziko diren leku seguru baterako bidean".
Durangoko etxebizitza batean
Bestalde, une honetan familia biak (bata, emakume batek eta urte eta erdiko haren alabak osatua; bestea, senar-emazteak diren bi helduk eta euren hiru semek osatua) Durangoko Udalarena den etxebizitza batean daude bizitzen, eta bertako iturriek jakitera eman dutenez "behar adina denbora" geratu ahal izango dira bertan.
Elorrioko Udala ere prest agertu da bere eskuetan dauden baliabide guztiak errefuxiatuei laguntzera bideratzeko, eta Ongi etorri errefuxiatuak plataformak larunbat honetan egingo duen elkarretaratzean parte hartzera deitu du.
Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak Teresa Laespada Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuaren bidez, atzo adierazi zuenez, Aldundiak hemen geratzea eskatuko die familia bi horiei "Hemen geratzea eskainiko diegu", adierazi zuen Laespadak.
Errefuxiatuen aldeko kontzentrazioa
Errefuxiatuen alde Durangon egindako kontzentrazioan helarazitako oharrean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak "lasaitasuna" eta familia horien "intimitatea" errespeta dadin eskatu du, batez ere, umeak ere badaudelako.
"Heriotzetik ihesean harresirik ez" lemapean egin dute elkarretaratzea, eta Durangoko zein Bizkaiko Foru Aldundiko hainbat ordezkarik hartu dute parte.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak hilero, lehen larunbatetan, antolatzen duen kontzentrazioarekin bat egin du gaurko ekitaldiak.