Gizartea -
eguraldia
Abisu horia itsasaldeko arriskuagatik, gaur eta bihar
Olatuak 4-5 metrokoak izan litezke. Aste hasieran euri txikia bota lezake noizbehinka, baina tenperatura goxoak izango ditugu, 16-18 ºC-koak.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du gaurko eta biharko, itsasaldeko arriskuagatik.
Erakundeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, olatuak 3,5 metrotik gorakoak izan litezke goizean, eta 4-5 metrokoak arratsaldean, astelehenean.
Astearterako, olatuen tamainak behera egitea aurreikusi dutenez, hori dela eta, abisu horia 12:00ak arte egongo da indarrean. Hala, olatuak 4 metro ingurukoak izango dira goizean, eta 3-3,5 metrokoak, arratsaldean.
Iragarpena
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera, zerua hodeitsu egongo da astelehenean, tarteka oso hodeitsu, batez ere ekialdean.
Egun osoan, baliteke euri txikia egitea, tarteka. Haizeak mendebaldetik joko du, eta ahul-bizi ibiliko da; goizaldean, hego-mendebaldekoa nagusituko da, eta, goizetik aurrera, ipar-mendebaldekoa, bolada oso gogorrekin haizeguneetan, batez ere kostaldean.
Tenperaturei dagokienez, minimoetan ez da aldaketarik izango, edo gutxi igoko dira, baina tenperatura maximoak igo egingo dira, 18 ºC-raino: gutxi isurialde atlantikoan, eta nahikoa edo nabarmen, barnealdean.
Astearteari dagokionez, zerua hodeitsu egongo da tarteka, eta baliteke ekialdean euri txikia egitea. Tenperatura gutxi jaitsiko da.
Asteazkenean, halaber, zeruan hodei gutxi egongo da; goi-hodeiak, tarteka. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da, baina tarteka baliteke harrotzea.