Gizartea -
Futbola
Cabanillas-Ablitense partida bertan behera, irain arrazistengatik
Antza denez, Ablitense taldeko jarraitzaile bat harmailatik irainka hasi zitzaion marrazainetako bati. Ikusleek ustezko erasotzailea atxiki zuten eta Foruzaingoak identifikatu egin zuen.
EITB.EUS
Nafarroako Autonomia Mailako Cabanillas eta Ablitense taldeen arteko futbol partida bertan behera utzi zuen atzo epaileak, hamar minuturen faltan, marrazainetako baten kontrako irain arrazistengatik.
Etxeko taldea 3 eta 1 nagusi zen markagailuan eta, lekukoen arabera, Ablitense taldeko jarraitzaile bat harmailatik irainka hasi zitzaion jatorri marokoarreko marrazainari. Are gehiago, baloi batekin jotzen ahalegindu zen. Marrazainak epaile nagusiari jakinarazi zion eta honek partida bertan behera uztea erabaki zuen.
Ikusleek ustezko erasotzailea atxiki zuten, harik eta Foruzaingoa San Roque futbol zelaira joan eta gizona identifikatu zuen arte.
Nafarroako Futbol Federazioak eta Lehiaketa Batzordeak gertatukoaren inguruko erabakia hartu beharko dute orain.