Gizartea -
Eustat-ek emandako datuak
Emakume langileek 4,5 ordu ematen dituzte egunean adingabeak zaintzen
Bien bitartean, etxetik kanpo lan egiten duten gizonezkoek, batez beste, 2,9 ordu igarotzen dituzte seme-alabak zaintzen.
EITB.EUS
Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek 4,5 ordu ematen dituzte egunean 15 urtetik beherako seme-alabak zaintzen Euskal Autonomia Erkidegoan, eta gizonezkoek, berriz, 2,9 ordu igarotzen dituzten zaintza lanetan, gaur Eustat Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako datuen arabera.
Emakume okupatuen erdiek 5 ordu edo gehiago pasatzen dituzte egunero seme-alabak zaintzen eta % 14,7k, berriz, denbora hori igarotzen dute mendeko pertsonak zaintzen. Bestalde, lanean ari diren gizonen erdiek 2 ordu edo gutxiago pasatzen dituzte adingabeak zaintzen.
Kontziliazioari dagokionez, EAEn lan egiten duten hirutik batek uste dute "oso zaila" dela lana eta mendeko pertsonen zaintza bateratzea, eta % 31,2k, "zaila" dela lana eta adingabeen zaintza uztartzea. Eustaten arabera, gizonen % 72,7k eta emakumeen % 62,8k uste dute "zail samarra edo oso zaila" dela lana eta seme-alaben zaintza bateratzea.
Etxeko lanen banaketa ere ez da orekatua: gizonen % 91,3k 2 ordu edo gutxiago pasatzen ditu; emakumeen % 28,3k, 3 ordu edo gehiago. Lan banaketa desorekatu hori dela eta, emakume okupatuen % 14,9 "ez daude batere gustura" bikotekideak etxean egiten duenarekin. Gizon okupatuen % 70,4, berriz, "oso gustura" daude bikotekideen lanarekin.
Eszedentziak edo lanaldi-murrizketak sustapen profesionalaren kalterako izango diren beldurra zertxobait handiagoa da emakumeengan (% 29,1) gizonengan (% 27,6) baino. Emakume okupatuen % 18,9k uste dute amatasuna kaltegarria izan litekeela promoziorako, baina gizonen % 8,8k bakarrik uste dute aitatasuna kaltegarria izan daitekeela. Hala ere, bost gizon okupatutako batek uste dute aitatasun-baimenak kalte handia egin diezaiokeela ibilbide profesionalari.
Emakume langileek, batez beste, ia 10.000 euro gutxiago irabazi zuten 2014an; zehazki, EAEko gizonezkoek, batez beste, 24.417 euroko errenta zuten 2014an, eta emakumezkoek, 14.711 eurokoa.
Bestalde, genero berdintasunaren indizeari dagokionez, Euskadik 58,5 puntuko indizea du, Espainiako eta Europako batezbestekoaren aurretik.