Gizartea -

Polizia operazioa

10 pertsona atxilotu dituzte Gasteizen eta Valentzian, iruzurragatik

Espainiako Poliziak mundu mailan iruzur egiten zuen talde bat desegin du. Maulaz gain, dokumentuak faltsutzea eta kapitala zuritzea leporatu diete.

Poliziak Argazkia: Espainiako Polizia
Poliziak Argazkia: Espainiako Polizia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak hamar pertsona atxilotu ditu Gasteizen eta Valentzian, 35 herrialdetako herritarrei 60 iruzur baino gehiago egin izana egotzita.

Zazpi hilabeteko ikerketaren ostean, Poliziak Arabako hiriburuan, Valentzia hirian eta Valentziako Erkidegoko Xirivella eta Alfafar udalerrietan egin ditu atxiloketak. Iruzurra, dokumentuak faltsutzea eta kapitala zuritzea leporatu diote nazioarte mailako talde kriminalari.

Sarearen biktimak nazionalitate espainiarrekoak zein atzerritarrak ziren, eta teknologia berriak eta dokumentu faltsuak erabiltzen zituzten horiei iruzur egiteko. Lehenik eta behin, taldeak biktimak erakartzen zituen, eta iruzur egiten zien gero.

Taldeak nagusiki hiru iruzur egiten zituen, eta maula ohikoena abokatu faltsuarena zen. Aipaturiko abokatu hori Nigerian edo Afrikako beste herrialderen batean bizi omen zen, erosteko ahalmen handia omen zuen, eta atzerrira dirua eramateko beharra ei zuen pertsona bat ordezkatzen zuen.

Iruzurra egiteko beste modu bat "karta nigeriarrak" izenarekin ezagutzen dena da. Iruzur hori egiten dutenek mezu elektronikoak bidaltzen dizkiete hartzaileei, diru kopuru handia irabazi dutela iragartzeko.

Halaber, taldeak produktuen inguruko eskaintzak egiten zituen biktimak erakartzeko. Eskaria egindakoan, taldeak diruaren zati bat eskatzen zion erosleari, baina biktimak ez zuen inoiz produkturik jasotzen.

Poliziak taldeak erabiltzen omen zituen sei etxebizitza eta telefono-mintzaleku miatu ditu, eta material ugari atzeman du: bost pasaporte faltsu, identitate faltsuekin irekitako kontu korronteak eta kreditu txartelak, legez kanpoko jarduerekin lotutako dokumentazioa, transferentzien egiaztagiriak eta 7.000 euro inguru eskudirutan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak azken ordukoa Espainia argazkiak Iruzurrak bideoak Gizartea albisteak Gasteiz berriak Albisteak