Gizartea -
#CierraUNICEF
UNICEF elkarteak laguntza eskatu du bere ametsa bete eta ateak ixteko
Haurren egoera hobetzeko lan egiten duen elkarteak #CierraUNICEF kanpaina jarri du martxan, denon laguntzarekin erakundearen lana beharrezkoa ez izateko asmoz.
Eitb.eus
UNICEFek, munduko milioika haurren egoera hobetzeko lan egiten duen elkarteak, erakundearen lana beharrezkoa ez izatea bilatzen duen kanpaina berria jarri du martxan. Sare sozialetan #CierraUNICEF traola erabiliko dute, egunen batean elkartearen itxiera lortzea baita helburu nagusia. Twitterren, Espainiako joera nagusien artean izan da UNICEFek aukeratutako traola.
UNICEFek ohar baten bidez jakitera eman duenez, kanpainaren helburua hiritarren, enpresen eta administrazioen mobilizazioa lortzea da, haurren aldeko programak martxan jartzea ahalbidetuko duten laguntzak lortzeko eta, denon artean, haurrentzako mundu hobea lortu eta UNICEFen laguntza beharrezkoa izan ez dadin.
“UNICEF ixtea erraza edo berehalakoa ez den amets bat da”, adierazi du Elsa Fuente UNICEF Euskal Herriko Batzordeko koordinatzaileak. Hala ere, 70 urte hauetan UNICEFek munduko milioika haurren egoera hobetzea lortu eta ezinezkoak ziruditen lorpenak lortu dituela azpimarratu du.
Halaber, 2000 eta 2013 urte bitartean munduan lanean ari diren haurren kopurua 78 milioitan murriztu dela azaldu du Fuentesek. Dena dela, “onartezinak” diren errealitateak egon badaudela ohartarazi dute: desnutrizio larria jasaten duten 50 milioi haur edo eskolara ez doazen 61 milioi ume.
“UNICEF ixteak ondorengoa esango luke: ez litzatekeela haurrik gosez, hotzez edo sabelekoa moduko gaixotasun baten ondorioz hilko. Halaber, munduko haur guztiak eskolara joango liratekeela eta osasun zerbitzuetarako sarbidea izango zuketela esan nahiko luke. Ondorioz, ez litzateke lanean dagoen haurrik egongo, ezta haurren arteko ezkontzarik ere”, azaldu du elkarteak.
Beste alde batetik, txertoei esker 2000. urtetik bost urtetik beherako 48 milioi haurren bizitzak salbatu direla esan du elkarteak. Gainera, 1990 eta 2015 urteen artean 250 milioi pertsona gehiagok ura edateko aukera izan zutela azaldu du.
Horrez gain, 535 milioi haur bizi dira gatazka edo ezbehar naturalek kaltetutako herrialdeetan. Siriako guda, Hego Sudango gosetea, Yemengo gatazka, Nigeriako biolentzia edo errefuxiatu eta migratzaileen krisia larrialdi adibideak baino ez dira, UNICEFen lana oraindik beharrezkoa dela irudikatzen duten larrialdiak.